Udalak eskerrak eman dizkie Gabonetako ekintzen antolakuntzan parte hartu duten herritarrei

Uztarria.eus 2020ko urt. 8a, 19:43

Azpeitiko Udalak eskerrak eman dizkie Gabonetako "ekintza berezietan" era batera edo bestera lagundu duten herritar guztiei. "Gabon giroan, ekintza arrakastatsuak egin dira, eta herritarrek ekintza horiek antolatu eta aurrera eramaterakoan erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu eta balio eman nahi die Udalak", adierazi du erakundeak. Udalaren hitzetan, "santotomasetatik hasi eta Errege Eguna bitartean ekintzaz beteta izan da Azpeitiko agenda". Besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Udal Musika Bandaren kontzertuak, Gabonetako haur parkea, Gazteria Saileko haur eta gaztetxoentzako ekintzak, zinema eskaintza eta Erregeen kabalkada izan dira Gabon sasoian.

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak jaien gaineko balorazio positiboa egin du: "Ekintza guzti-guztiak ondo joan dira, eta eskertzekoa da herriko eragileek eta norbanakoek ekintzak antolatzerakoan eta gauzatzerakoan erakutsitako jarrera. Bakoitzak beretik jarrita ekintza guztiak ondo atera dira, eguraldiak ere lagundu du, eta oso pozik gaude". Herriko ikastetxeei, Udal Musika Bandari, Itsasiri, Bertan merkatari elkarteari, Juan Antxieta musika eskolari eta kabalkadako paje eta laguntzaileei, gozokiak eman dituzten guztiei eta beren borondatez antolaketa lanetan aritu diren norbanako guztiei esker ona adierazi die Udalak. "Herritar guzti horiek gabe ez zen posible izango antolatutako ekintza guztiak aurrera eramatea, eta horregatik eskertu nahi diegu erakutsitako konpromisoa", gaineratu du Odriozolak.