Sansebastianak 2020

Eta beste hiru

Uztarria.eus 2020ko urt. 13a, 12:28
Aurtengo danborradan irtengo diren talde berrietako kideak, jantziak soinean.

Sansebastianetako helduen danborradan hiru talde berri izango dira: Izarraitzpe, Ilunpe eta Inpernue elkarteetako talde bana. Haietako kideekin hitz egin dute Maialen Etxaniz eta Julene Frantzesena kazetariek, 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkariren erreportaje nagusia osatzeko.

Urteak dira plazan talde gehiago ez direla kabitzen dioen zurrumurrua herrian entzuten dela, baina ez da horrela izango; izan ere, aurtengo San Sebastian bezperako helduen daborradan hiru talde berri izango dira: Izarraitzpe, Inpernue eta Ilunpe soziedadeetako taldeak. Ia dena prest dute dagoeneko; entseguetan murgiltzea soilik falta zaie, nahiz eta beren kasa egin duten entseguren bat edo beste. Jantzien, danborren nahiz afariaren gaineko xehetasunak lotzen ari diren honetan, Uztarria hiru taldeetako kideekin izan da elkarteetan.

Izarraitzpekoak, prest

Izarraitzpe elkarteko kideek Urolako treneko langilez jantzita joko dute danborra. Elkarte horretako kide dira Ioritz Otaegi (Azpeitia, 1988), Maria Zubizarreta (Azpeitia, 1977), Jon Lasa (Azpeitia, 1978) eta Ainhoa Badiola (Azpeitia, 1984), eta dagoeneko sansebastianak iristeko "oso gogotsu" daude.

Izarraitzpe elkartea 1976. urtean sortu bazen ere, orain arte ez du danborradako talderik izan. Badiolak dio "grinak" bultzatu dituela danborradako taldea sortzera: "Betidanik izan dugu taldea sortzeko gogoa. Horregatik, hiru lagun elkartu eta lanean hasi ginen, buruari buelta batzuk ematen". Otaegik erantsi duenez, "elkarteko kideek nahiz ingurukoek ondo hartu zuten proposamena", eta "pixkanaka lanean" hasi ziren.

Aurtengoa Izarraitzperekin danborra jotzen irtengo diren lehen aldia bada ere, ez da danborradan parte hartuko duten lehen urtea. Zubizarretak Ziripot taldearekin jo izan du, "Ziripot sortu zenetik, urtero-urtero". Otaegi Alkartasunarekin irten izan da, Lasa Arrantzaleekin eta Badiola Orkatzetik. Orain, arropa berriak janzteko garaia iritsi zaie laurei, eta aurten trenbideetako langileen trajeak soinean irtengo dira San Sebastian bezperako danborradan.

Egin duten jantzia atsegin dute, eta gustura daude emaitzarekin. "Jantzi erosoa egitea genuen helburu: epela, eta aldi berean, polita. Lortu dugula uste dugu. Gainera, Azpeitiarekin lotura izango zuen zerbait egitea nahi genuen, eta ideia polita bururatu zitzaigun. Urolako trenak Azpeitian izan zuen garrantzia ikusita, bertako langilez janztea erabaki genuen", kontatu du Badiolak. Burdinbidearen Euskal Museotik hartu zuten jantziaren ideia: "Azpeitiko trenaren museoan arropen erakusketa zabala dago, eta handik hartu genuen ideia. Hau da, jantziko dugun trajea ez dugu guk asmatu. Trajea existitzen zen, baina guk gure erara moldatu dugu".  Behin ideia garatuta zutela, udalean aurkeztu zuten proposamena, eta hango ordezkariei "oso ideia ona" iruditu zitzaiela esan dute Izarraitzpekoek.

Bozketa eginda erabaki dute taldearen egitura: "Guztia boto bidez eta eztabaidatuz erabaki dugu, denok ez gentozelako bat zenbait kontutan. Batzuk banderaduna ateratzearen alde zeuden, eta beste batzuk, aldiz, ez. Erabaki guztiak hartu aurretik izan dugu eztabaidatzeko aukera, baita zuzendari txikia atera behar al genuen ala ez erabakitzeko ere. Taldeko ia guztiok elkartu ginen bilkuran, eta banderaduna eta kantinerak ateratzea erabaki genuen, mutil zein neska izan. Gauza bera zuzendari txikiarekin". Danbor-jotzaile guztiak, emakume zein gizon, jantzi berdinekin irtengo dira. "Ez dago bereizketarik", azpimarratu du Otaegik.

Afariari dagokionez, Izarraitzpekoek kanpotik eskatuko dute janaria. "Danborradan talde gisa aterako garen aurreneko aldia dela jakitun, erabaki genuen guztioi dagokigula festaz gozatzea", kontatu du Otaegik. "Gainera, taldekide gutxi gara elkarteko bazkide, eta horiek aritu beharko genuke sukaldean", gaineratu du Zubizarretak.

Entseatzen hasteko gogoa dutela diote, eta danborradako entsegu ofizialez aparte, zenbait saio egingo dituzte elkartean bertan. "Egia esan, komeni zaigu entsegu batzuk egitea, inoiz ez baitugu elkarrekin danborradako piezarik jo. Gainera, zuzendaria ere berria da. Lehenbailehen jo eta su hasi beharko dugu entseguekin, bestela txapa hotsa izango da nagusi ezorduan", kontatu du Lasak, barre artean.

Danborra nahiago badute ere, txapa joko dute Izarraitzpekoek, eta zapore gazi-gozoarekin gelditu direla diote: "Duela urte batzuk zozketa bidez erabakitzen zen talde berrietako nork jotzen zuen daborra eta nork txapa. Pentsatzen genuen orain ere horrela izango zela, baina ez. Orain, udalean eskaerak egiten diren hurrenkeran egiten omen dute esleipena; hau da, azken taldeari danborra eman badiote, hurrengoari txapa. 2008an zozketa egin behar zela omen zioen legeak; orain, berriz, zozketarik ez egiteko. Ez dugu oso ondo ulertzen, baina tira...". Otaegik dio, dena den, ondo pasatzea dutela helburu: "Ia guztiok nahi dugu danborra jotzea, baina dena ez dago gure esku. Txapa jo beharko dugu, baina izugarri ondo jotzen saiatuko gara, eta ziur primeran pasatuko dugula".

Danborradako taldea eratzeko prozesua nekagarria bezain polita izan dela dio Badiolak, baina bukatzeko gogoa ere baduela. Gainerako taldekideek, aldiz, Badiolak egindako lana azpimarratu eta nabarmendu dute: "Ainhoak lan handia egin du, eta horrek asko erraztu du gainerakoon jarduna. Aitortza guztia merezi du".

Izarraitzpeko kideek sansebastianak atsegin dituzte, eta horregatik daude festak noiz iritsiko zain. Otaegirentzat, sansebastianak "oso festa herrikoiak eta parte hartzaileak" dira, eta horregatik ditu gustuko. Gainerakoak bat datoz: "Danbor-jotzaileen festak dira sansebastianak. Dagoeneko gutxi dira plazan danborrada ikusten egoten diren herritarrak, ia denok parte hartzen baitugu festan".

Inpernue, berriz ere

Inpernue soziedadeak 75. urtemuga izan zuen 2019an, eta urteurren borobil hori baliatuta, danborradarako taldea osatu dute. Ez da, baina, Bustinzuriko Errebaleko soziedade horrek taldea kaleratuko duen aurreneko aldia. Azpeitiko danborrada sortu eta gutxira hasi zen Inpernue ere San Sebastian bezperako desfilean ateratzen. Sasoi hartan sukaldari jantzita ateratzen ziren danbor-jotzaileak. 1978-1979 urteen bueltan utzi zuen taldeak danborrada; hain zuzen ere, zezenzaleei pasatu zizkieten danborrak.

Ordutik pasatu da hainbat urte, eta talde berriak jantzi berriak izango ditu aurtengoan: Gipuzkoako Tertzioko taldea izango da Inpernuko kideena. "Ez geneukan garbi zer traje nahi genuen, eta hainbat aukeraren inguruko bozketa egin genuen”, azaldu du Jabier Etxaniz Kinttelak (Azpeitia, 1959). Inpernuko taldearen sorreran laguntzen aritu da Kinttela soziedadeko bazkidea delako, baina ez da taldean aterako, Zokoa elkarteko zuzendaria baita bera. "Sonbreroa pixka bat aldatu dugu, baina gainerakoan Ikasberri Ikastolako umeen danborradako trajeen gisakoak egin ditugu", esan du hark.

Danborradako taldea sortzeko ideia azken bizpahiru urtetan bazkide egin diren bi gazte kuadrillarena izan zen. Hala dio Gorka Zabaleta (Azpeitia, 1984) kuadrilla horietako bateko kideak: "Azken urteetan soziedadean afaldu izan dugu San Sebastian bezperan, eta gero danborrada ikusten inbidia pasatzen genuen. Bazkideei-eta galdetzen hasi ginen, eta baiezko garbirik ez genuen jaso­tzen, baina batzarrean aipatu, eta...". Jendea "animatzen" hasi zela dio Josu Gurrutxaga (Azpeitia, 1966) bazkideak. "Zerrenda irekia jarri genuen, eta jendetzak eman zuen talderako izena; 100 bat lagunek. Poza hartu genuen kopurua ikustean, baina erabaki genuen bazkideek soilik egin ahal izango zutela jantzia".

Danborradaren eguna iristeko "izugarrizko" gogoarekin dira taldeko kideak, nahiz eta batzuek baduten danborradan esperientzia. Gurrutxagak, esaterako, 25 bat urte daramatza Barratsu taldearekin ateratzen, eta aurretik ere hainbat urtez irten zuen Mendizaleekin. Arantxa Landa (Azpeitia, 1969) ere danborradan ateratakoa da urte "solte" batzuetan. Aldiz, Zabaletak eta Maixol Muguruzak (Azpeitia, 1970) estreinako aldia izango dute aurtengoa. "Beti esaten nuen probatzeko gogoa nuela, eta... begira", azaldu du Muguruzak. Zabaletak: "Nik urteetan Udal Musika Bandarekin irten nuen, baina danborra jotzen sekula ez".

Eta Jokin Iriondo izango da danbor taldearen zuzendaria, haren arabera, batzarrean beste inor ez zelako prest agertu. "Ez neukan zuzentzeko ideiarik, eta dagoeneko hasita nago entseatzen; beharko... Diskoa kendu ere egin gabe daukat kotxean, eta Unai Frantsesenarekin ere entseatu dut; eskerrak hari!". Zuzendari lanetan esperientzia duen Kinttelak "lasai" hartzeko aholkua eman dio Iriondori: "Lehen aldian normala da urduri egotea, baina azpeitiarra denak, gutxi edo gehiago, badaki danborra jotzen...". Gurrutxagak, barrez: "Ba nik 25 urte daramatzat danborradan jotzen, eta oraindik ere zalantzan ibiltzen naiz".

Afaria soziedadean bertan egingo dute, eta batzordeko kideak arduratuko dira otordua prestatzeaz. "Lehen urtean hala egitea erabaki dugu, nahiz eta zalantzak izan ditugun katerinaren kontuarekin. Aurtengoa horrela egingo dugu, eta aurtengoaren arabera, ikusiko dugu datorren urteetan zer egin", azaldu du Zabaletak.

Danborrak joko dituzte Inpernukoek, beste bi taldeek ez bezala. "Zortea" izan dutela diote taldeko kideek, denek narrua egokitzea nahi zutelako. "Bagenekien talde gehiago aterako zirela, baina ezer garbirik ez. Izena eman genuen hurrenkeran erabaki da narrua ala txapa joko duen talde bakoitzak, eta guri narrua tokatu zaigu", azaldu du Kinttelak.

Ilunpeko taldea

Ilunpe soziedadeko bazkideak dira Iñaki Korta (Azpeitia, 1978), Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1978), Itziar Olazabal (Azpeitia, 1982) eta Maitane Labaka (Azpeitia, 1980). Haiek diotenez, urteetan aritu dira danborradako taldea sortzearen ideiari bueltak ematen, eta aurten bai, aurten aterako dira helduen danborradan. "Beti alde batera lagatzen genuen kontua, baina aurten serio hartu dugu. Erraz iristen ginen gutxieneko kopuruetara, eta aurrera egin dugu".

Otsail aldean hasi ziren taldea osatzeko pausoak ematen, Zubizarretak dioenez, iazko danborrada pasatu eta segituan. "Hala hasi behar genuen, beroaldian, bestela beste urtebete pasatuko zitzaigun...", esan du Olazabalek. 50 danbor-jotzaileko taldea izango da Ilunpekoena: "Talde parekidea osatu dugu: 25 emakume eta 25 gizon. Kasualitatea da, baina pozgarria ere bai".

Jantzia ere azkar erabaki zuten Ilunpeko kideek; izan ere, taldea sortzeko izapideekin batera aurkeztu behar zituzten jantziaren xehetasunak udaletxean. "Euskal Herriarekin zerikusia zuen zerbait izatea nahi genuen, eta hortik hasita otu zitzaigun maskaradaren gaia hartzea. Izan ere, Zuberoan urteko lehen hilabeteetako asteburuetan egiten den festa da maskarada. Azpeitiak ere badu lotura Ipar Euskal Herriko Hazparne herriarekin, eta...", azaldu du Zubizarretak.

Azpeitiko jostun batekin egin dituzte trajeak, eta taldeko kideak oso gustura dira emaitzarekin. "Bagenekien Tere Ezeizak esku oso ona duela, eta oso gustura gaude egin duen lanarekin", adierazi du Labakak.

Zubizarreta izango da taldeko zuzendari nagusia, eta hark zuzendari txikia izango du lagun. Bozketa egin zuten zuzendari txikiaren figura taldean txertatu ala ez erabakitzeko, eta baiezkoa gailenduta, hainbat arau edo irizpide jarri dituzte aukeraketarako: "Batetik, bazkideren baten familia zuzena izan beharko du haurrak, eta bestetik, urtero zabalduko dugu izen-ematea".

Ilunpe elkarteko lau lagunak urtarrilaren 19rako gogoz daude. Olazabalen arabera, danborra jotzen hastea baino ez zaie falta. Entseguak egiten ere hasiak dira dagoeneko. Zubizarretak dioenez, ikasteko borondaterik ez zaie falta. Kortak, berriz, zuzendariaren esku daudela adierazi du, barrez. Hain zuzen ere, lehen aldiz ariko da Zubizarreta zuzendari lanetan. "Urte dezentetan atera naiz danborra jotzen beste talde batekin, eta zerbait desberdina egite aldera, zuzendari lana probatzea nahi nuen. Gainera, taldeko inork ez zuen nahi zuenik esan, eta... boluntario aurkeztu nintzen". Hala ere, argi utzi du taldeko kideek zuzendari izan nahi badute izango dutela horretarako aukera: "Atea zabalik dago ni nazkatzen banaiz edo besteren batek irten nahi badu, egunen batean zuzendariaren kromoak aldatzeko".

Ilunpekoek dagoeneko gauzatu dute entseguren bat, eta beren kasa ere ari dira prestatzen, Zubizarreta kasu: "Autoan, mugikorrean... danborradako diskoa bueltaka darabilkit azken hilabeteetan etengabe". Danbor-jotzaileetako batzuk lehen aldiz aterako dira aurtengoan, eta gogoz daudela adierazi dute horiek. "Ikusiko dugu zer ateratzen den", esan du Kortak.

Afaria soziedadetik kanpo egingo dute, elkartea txikia delako eta lekuz justu ibili behar zutelako han. "Katerin zerbitzuren bat kontratatzea pentsatu genuen hasieran, baina sukaldea ere txikia da. Baigera Ieko jatetxean afaltzeko aukera suertatu zaigu azkenean, eta han izango gara. Kale aldean nahi genuen egin otordua; izan ere, aurten goizago hasiko da danborrada, eta garaiz afaldu beharko da".

Txapa joko dute Ilunpeko kideek, eta danborrak nahiago bazituzten ere, konforme dira tokatutakoarekin. "Zozketa egingo zela uste genuen, baina izena emandako hurrenkeran egin da banaketa. Zozketa eginda ere, bagenekien txapa tokatzeko aukerak handiagoak zirela. Izan ere, aurrez jakina zen hiru talde berrietatik bik txapa jo beharko zutela", adierazi du Kortak. Dena den, Ilunpekoek diotenez, irtetea da helburua, eta "oso gustura" daude.