Ostiralean zabalduko dute emakumeak korrika egitera animatzeko 'Zuk ere ahal duzu!' programan izena emateko epea

Uztarria.eus 2020ko urt. 7a, 15:37

Zuk ere ahal duzu! programaren helburua da emakumeei korrika egitearen onurak eta abantailak ezagutaraztea, eta taldean lasterka egiteko aukera eskaintzea. Izen-ematea igerilekuan egin behar da, 20 euro ordainduta. 

Azpeitiko Udalak emakumeak lasterka egitera animatzeko Zuk ere ahal duzu! programa jarriko du martxan beste urte batez. Aurtengoa egitasmoaren hamalaugarren edizioa izango da, eta ostiralean, hilak 10, zabalduko dute taldean korrika egiteko saioetan parte hartzeko izen-ematea. Zuk ere ahal duzu! programaren helburua da emakumeei korrika egitearen onurak eta abantailak ezagutaraztea, eta taldean lasterka egiteko aukera eskaintzea. 14 urtetik gorako emakumeek har dezakete parte egitasmoan.

Saioak edo entrenamenduak astelehen eta asteazken arratsaldeetan izango dira, 19:15etik 20:30era. Zehazki, honako egunetan izango dira entrenamenduak : urtarrilaren 22an, 27an eta 29an eta otsailaren 3an, 5ean, 10ean, 12an, 17an, 19an eta 26an. Igerilekua izango da topagunea, parte-hartzaileak han elkartuko baitira korrika egiteko. Saio guztiak monitore batek gidatuko ditu. 

Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea igerilekuan egin behar da, 20 euro ordainduta. Informazio gehiago behar duenak, 943-15 00 95 telefonora deitu edo kirolak@azpeitia.eus helbidera idatz dezake.