'Mujercitas' eta 'Bayala' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 09:33

Aste honetan Mujercitas eta Bayala filmak emango dituzte Soreasu antzokian. Zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute Mujercitas, eta igandean, 16:30ean, Bayala. Zinema emanaldietarako sarrerak aurrez eros daitezke Kulturaz.eus webgunean, eta emanaldien egunetan Soreasu antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira.

Mujercitas drama generoko filma da. 2019an estreinatu zuten lana AEBetan, eta Greta Gerwig da lanaren zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Amy, Jo, Beth eta Meg ahizpa nerabeak amarekin oporraldi bat pasatzera joango dira, aitarik gabe. Gerra Zibilaren erdian Massachusettseko estatua igarotzen ari direla familiaren garrantzia eta maitasuna ezagutuko dituzte". Greta Gerwig zuzendari eta gidoilariak Mujercitas izeneko eleberri klasikoan nahiz Lousa May Alcotten idatzietan oinarrituta sortu du filma.

Bayala, berriz, animaziozko filma da, eta Alemanian 2019an egindako pelikularen zuzendariak Aina Järvine eta Federico Milella dira. Honako hau da haren sinopsia: "Bayala lurralde magikoa da. Bertan bizi ziren dragoiak desagertzear daude, baita lurraldeko magia ere. Ofirak, Bayalan bizi den maitagarri batek, ahalmen garrantzitsuak ditu. Egun batean, dragoi arrautza batekin egingo du topo, eta lurraldeko bizilagunek berriro ere magia izateko itxaropena berreskuratuko dute. Hala ere, magiaren itzulera ziurtatzeko, jaiotzen den unean bere gurasoak ikusi behar ditu dragoiak. Maitagarrien erreginak hiru maitagarri gazteri misio bat emango die: dragoi arrautza Dragoi Zimara eramatea. Hori ez da lan erraza izango; izan ere, Ofira zitalak arrautza bereganatu nahi du".