Igor Agirrebeña: "Ez dut probarik irabazi, baina guztietan podiumean izan naiz"

Urola Kostako Hitza 2020ko urt. 7a, 12:02
Igor Agirrebeña semeekin, bere buggyaren ondoan. (Igor Agirrebeña)

Espainiako Autokros Txapelketan lehen postua eskuratu du pilotu azpeitiarrak, Hirugarren Mailako 1.600 zentimetro kubikoko sariketan. "Oso gustura" dago gidaria.

Igor Agirrebeña Barrenola (Azpeitia, 1978) pilotuak 2019ko Espainiako Autokros Txapelketaren sarietako bat irabazi du. Hain zuzen ere, Hirugarren Mailaren barruan jokatu duten 1.600 zentimetro kubikoko sariketaren txapela bereganatu du gidariak. Abenduaren 13an jaso zuen saria Agirrebeñak Madrilen, Espainiako Automobilismo Federazioaren Txapeldunen Galaren barruan. Aspalditik ondoan duen buggy autoarekin eskuratu du txapela.

Pozik al zaude lortutakoarekin?

Bai, oso gustura nago. Izan ere, badira urte batzuk auto berarekin lehiatzen ari naizela. Urtero-urtero autoa berritzen eta hobetzen aritu naiz, eta aurreko neguan, alderdi elektrikoa eta mekanikoa hobetu nizkion ibilgailuari; horrela, lortu nuen autoak matxurarik ez izatea. Modu horretan, lasterketa guztietan puntuak biltzea lortu dut; ez dut probarik irabazi, baina guztietan podiumean izan naiz. Erregulartasun horrekin, puntu pila bat eskuratu dut, eta azkenean, gure kategoriako Espainiako Txapelketa irabazi dut.

Zortzi lasterketa zituen txapelketak. Guztietan parte hartu al duzu?

Hasieran, bakarren batean ez nuen parte hartu, autoaren arazo batengatik, baina bestela, denetan lehiatu naiz. Espainiako hainbat lekutan izan dira probak, eta bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu naiz guztietan.

Noiz hasi zinen autokros txapelketetan parte hartzen?

Honezkero badaramatzat 14-15 bat urte mundu horretan. Dena den, urteren batean edo bestean huts egin dut, eta agian, lehietatik pixka bat apartatuago egon naiz, umeren bat jaio delako. Orain, umeak pixka bat kozkortu dira, eta oraindik ere denbora gutxi daukadan arren, lehen baino zertxobait gehiago ateratzen dut autokrosa praktikatzeko.

Inguruotan asko dira auto igoeretan eta rallyetan lehiatzen direnak. Zergatik aukeratu zenuen zuk autokrosa?

Federatuta parte hartu nuen lehen lasterketa Azpeitiko Rallysprinta izan zen. Proba hori izan zen egin nuen aurrena, baina iruditu zitzaidan niretzako garestia izango zela kirol hori. Gainera, lur gaineko modalitateak gehiago gustatzen zaizkit; izan ere, autoa gehiago irristatzen da lurrean. Horrez gain, rally batean bakarrik ateratzen dira autoak, ez dute izaten beste autorik inguruan, baina autokrosean, 12-15 auto elkarrekin lehiatzen gara. Horrek sentipen ezberdinak eragiten ditu: batek bestea aurreratu duela, zu aurreratu zaituztela, bi autok elkar ukitu dutela… Elkarren kontra aritzen gara autokrosean, eta ez denboraren aurka, eta horrek saltsa gehiago sortzen du. Era berean, lasterketak tarteko, urtean zortzi bat asteburu kanpoan pasatu behar izaten ditut. Ostiral iluntzean atera eta igandean bueltatzen gara etxera, eta polita izaten da hori. Dena den, bere alde txarra ere badu horrek: kilometro dezente egin behar izaten ditugu.

(Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean)