Futbol eskolako neska-mutilez lagunduta, 'Izen eta izan' ipuina aurkeztu du Lagun Onakek

Uztarria.eus 2020ko urt. 5a, 13:12

Lagun Onak futbol taldeak gaur, urtarrilak 5, aurkeztu du haurrei zuzenduta kaleratu duen Izen eta izan liburua. Klubaren 75. urtemugako ospakizunen barruko azken ekintza izan da gaurkoa, eta zuzendaritzako kideak ez ezik, dozenaka futbol eskolako neska-mutil eta haien gurasoak ere izan dira aurkezpenean. Garmendipeko bigarren zelai artifizialean aurkeztu du ipuina Iñigo Arregi presidenteak, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzoreburua eta Izarraitz Barrena zuzendaritzako kidea lagun zituela.

Alaitz Olaizola idazleak eta Iban Izagirre ilustratzaileak ondu dute Izen eta izan ipuina, eta lan horren 500 ale kaleratu ditu Lagun Onakek. Arregik azaldu duenez, Lagun Onakek 75. urteurrenerako aukeratutako leloarekin bat dator ipuinaren kontakizuna; izan ere, Futbola bihotzean, balioak zelaian da kluban ospakizunetarako hautatutako leloa. "Nahi izan duguna da futbolean aritzen diren neska-mutilek jasotzen dituzten balioak ipuinean jasotzea". Presidenteak azaldu duenez, besteak beste, aniztasuna, elkar laguntzea, laguntasuna eta antolatzen ikastea gisako balioak jaso dituzte kontakizunean. "Gainera, gurasoentzako ere bada aipamen bat; izan ere, futbola ederra da, baina neska eta mutil koskorrek gozatu egin behar dute futbolarekin". Lagun Onakeko kideek eskerrak eman dizkiete bai Olaizolari, bai Izagirreri, ipuina osatzeko egin duten lanagatik: "Lan oso ona egin dute, eta ipuina oso polita gelditu da".

Aurkezpena bukatuta, futbol eskolako gaztetxoek ipuinaren ale bana eskuratu ahal izan dute, eta ondoren, taldeko argazki erraldoia atera dute futbol zelaian.