Haurrek ilusioz beteta eman dizkiete gutunak Errege Magoen laguntzaileei

Uztarria.eus 2020ko urt. 4a, 21:15

Errege Magoen laguntzaileak izan dira gaur arratsaldean Azpeitian. Tronpetaz eta danbor hotsez lagunduta iritsi dira Sanagustingo arkupeetara, eta ordurako ume asko zeuden haien zain plazan. Ilaran zeuden haurrek ilusioz beteta eman dizkiete gutunak Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren laguntzaileei, eta haiekin argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute unea, haurrek zein helduek. Errege Magoen laguntzaileek gozokiak banatu dizkiete bertaratu diren guztiei. 

Gaur pajeak izan dira Azpeitian, eta bihar, igandea, Errege Magoen txanda izango da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar 17:00 inguruan iritsiko dira Lasaora, eta iazko moduan, txu-txu trenean egingo dute herrigunerako bidea. 17:30ak aldera, parrokiara joango dira hango Jaiotza ikustera eta haurrei kasu egitera. Ondoren, 19:00etan, igerilekutik hasiko da erregeen kabalkada. Errege Magoek herriko ikastetxeetako ikasleak izango dituzte bidelagun ibilbidean. Aurten ere 600 bat kilo gozoki banatuko dituzte erregeek herritarren artean, eta 20:00 aldean iritsiko dira plazara; udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.