Sormenerako gunea egokitu dute igerilekuaren eraikinean

Uztarria.eus 2020ko urt. 6a, 10:07

Azpeitiko igerilekuaren eraikinean sormenerako espazio bat atondu zuen duela hilabete batzuk Azpeitiko Udalak, eta dagoeneko hainbat lanen erakusketak jarri dituzte bertan, hala nola Arte eta Diseinu Ikastegiko ikasleena, Mari Jose Etxanizena eta Miren Artetxerena. Kirola egiteko espazioan arte plastikoari keinua egitea "interesgarria" iruditu zitzaiela azaldu du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak, kirola eta artea biak baitira aisian "emozioak ateratzeko gizarteratzeko erabiltzen diren baliabideak". Igerilekuko sarreraren ondoan dagoen egongela egokitu dute lanak aurkezteko espazio gisa, eta udalak azaldu duenez, erakusketen helburua da gaiak eta lanen mezuak kirolarekin, mugimenduarekin nahiz gorputzarekin lotura izatea. Gainera, azaldu dute zenbait hilabetetan gaiak proposatuko dituztela edozein sortzailek bere lanak erakuts ditzan. Teknikari dagokionez, berriz, ez dute zehaztapenik egin hasieran behintzat. "Ateak zabalik utzi nahi zaizkio sortzaileari; horrela, posible izango da oleo, akuarela, arkatz... bidez eginiko lanak erakustea". Gunean lanak ikusgai jarri nahi dituzten herritarrek igerilekuko sarreran egi beharko dute eskaera edo proposamen zehatza. (Argazkia: Azpeitiko Udala)