Ikusmina sortu dute binakako txapelketetako partidek Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2020ko urt. 4a, 11:14

Jendez leporaino bete zen atzo, urtarrilak 3, Izarraitz pilotalekua. Hain zuzen ere, Ilunpe pilota elkarteko kideek 720 sarrera inguru saldu zituzten, Promozio Mailako Binakako Txapelketako nahiz Lehen Mailako Binakako Txapelketako partidetarako. Lehen norgehiagokan, Promozio Mailakoan, profesionaletan ari diren bi pilotari azpeitiarrek jokatu zuten elkarren aurka: Alberdik Salaverri izan zuen lagun, eta Egiguren V.ak Erostarbe. Lehen zatia berdindu samarra izan bazen ere, partida ia osoan aurretik izan ziren Alberdi eta Salaverri txapelketako zazpigarren jardunaldian; horiek freskoago eta intentsitate handiagoarekin jokatu zuten neurketa, eta 22 eta 16 nagusitu ziren. Garaipena tarteko, lehian jarraitzeko aukera dute Alberdik eta Salaverrik.

Gustura zen Alberdi partidaren ostean: "Beharrezko puntua eskuratu dugu; izan ere, puntu bakarrarekin beheko postuetan ginen, eta gaurko partida irabazita saltsan gaude". Azpeitiarrak txapelketari bukaera "ona" eman nahi diola ere azaldu zuen. Egigurenek, berriz, aurre ezin hartuta ibili zirela aitortu zuen, nahiz eta laugarren postua eskuratzeko lehian diren bera eta Erostarbe ere. "Ez goaz gaizki, baina borroka egin beharko dugu datozen jardunaldietan".

Bigarren partida, Lehen Mailakoa, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrenak jokatu zuten Altuna III.aren eta Galarzaren kontra. Oso modu desberdinean iritsi ziren Azpeitiko frontoira bi bikoteak; izan ere, Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena sailkapeneko azken postuan ziren garaipen bakar bat eskuratuta, eta Altuna III.a eta Galarza, berriz, sasoi onean zeuden. Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrenak ondo hasi zuten neurketa, baina berehala eman zioten Altuna III.ak eta Galarzak buelta markagailuari, eta halaxe bukatu zen partida, alde nabarmenarekin: 14 eta 22.

Hona hemen, atzoko irudi batzuk (Argazkiak: Javier Ruiz de Larrinaga):