Oroitzapen kutxa irekita

Uztarria.eus 2020ko urt. 10a, 12:11
Nagore Alkorta. (Elena Marguello)

Alkate karguak bizitza antolatzea eskatzen duela dio. Bidaiatzea "beharrezkoa" du egunerokotik ihes egiteko. Horiek eta beste hainbat kontatu dizkio Nagore Alkortak Elena Marguello kazetariari Bestaldetik atalerako, 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Azken hilabeteetan asko aldatu da Nagore Alkortaren (Azpeitia, 1978) bizimodua. Hamalau urtez Urnietako Udalean lanean aritu ostean, orain dela bi urte eta erdi itzuli zen Alkorta jaioterrira lanera. Azpeitiko udal teknikari lanetan aritu da joan zen maiatzean alkate izendatu zuten arte. Ordutik, denbora librea eta lana "ondo kudeatzen saiatzen" ari dela azaldu du.

"Jende artean" hazitako haurra izan zen Alkorta. Aitona-amonak, osaba, ama, aita eta ahizpa bikiarekin bizi izan zituen haurtzaroko urteak. "Garai batean txakurra ere izan genuen: Xarpi. Etxean beti zegoen giroa", gogoratu du azpeitiarrak. Mojetan egin zituen haurtzaroko ikasketak, eta urte haiek "gogorrak" baziren ere, ikastetxean zein handik kanpo "jolas askoko haurtzaro zoriontsua" bizi izan zuela oroitzen du.

14 urtera arte Miserikordian ikasi zuen: "Garai hartan, ordea, institutu publikora pasatzea erabaki genuen neska talde batek. Kristau eskolatik institutura joatea ikuspegi aldaketa izan zen. Izan ere, Miserikordian eskatzen zuten diziplina oso handia zen: egunero errezatzen genuen eta hilean behin konfesatzera joaten ginen. Institutuan, berriz, inork ez zigun ezer exijitzen. Irakasleekin genituen harremanak ere desberdinak ziren, azkoitiarrak ere bagenituen ikasgelan, kalera gehiago ateratzen ginen... Esperientzia oso desberdina eta aberasgarria izan zen".

Garai hartako oroitzapen ederrak ditu Alkortak, tartean Lagun Onak futbol taldean igarotako uneak. Eskola garaian futbolean ibiltzen zirela gogoratzen da: "Nahiz eta txarrak izan, oso giro ona izaten genuen taldean". 14 urte bete zituztenean, ordea, federatu beste aukerarik ez zuten futbolean jokatu ahal izateko, eta egunkarian irakurri zuten Lagun Onak nesken talde bat osatzeko asmotan zebilela. "Hitzordu bat jarri ziguten, eta futbol zelaian batu ginen guztiok. Horrela osatu genuen Lagun Onakeko nesken lehenengo taldea". Samurtasunez gogoratzen du taldearekin aritu zen urtebete hura: "Garai hartan, agian, ez ginen ohartzen emakumeen lehenengo taldeko kide ginela, baina orain atzera begiratu eta oroitzapen oso politak datozkit gogora".

Institutuko garaiak pasatuta, Zuzenbide ikasketak egin zituen azpeitiarrak. Egunero joan-etorrian ibiltzen zen Azpeitia eta Donostia artean. "Unibertsitateko lehen urte erdia oso gogorra egin zitzaidan. Ama gaixotu egin zen, gurasoen tabernan hasi nintzen lanean, eta gainera, ikasketetan beti izan naiz oso perfekzionista". Egoera berriak heldutasunerako bidea "azkar" erakutsi ziola adierazi du Alkortak. Lanean lehen soldata irabazi orduko Donostiara joan zen bizitzera kuadrillako lagun batekin eta lankide batekin. Donostian hiru urtez bizi izan zen, eta ondoren Astigarraga eta Hernani (Gipuzkoa) ere izan zituen bizileku. "Bost urteren ostean nire bizitza Azpeitian eraikitzea erabaki nuen. Herrimina sentitu nuen berriro".

Zaletasunak abaro

Alkate izateak "ondo" antolatzea eskatzen duela adierazi du Alkortak, eta esan du "beharrezkoak diren ardurak onartzen" saiatzen dela, etxean nortzuk dituen ahaztu gabe. Horregatik, egunerokotasunean alabarekin eta senarrarekin egoteko denbora hartzea gustatzen zaio azpeitiarrari: "Asteburuetan, tarte bat izaten dudanean, alabarekin igerilekura joateak deskonektatzen laguntzen dit". Zapatuetan, berriz, lagunekin edo senarrarekin kalera atera eta zerbait hartzea ere atsegin du Alkortak. "Kale zalea naiz, eta jendearekin egotea gustatzen zait. Kalera irteten naizenean, laneko gauzak alde batera laga eta nire betiko jendearekin egotea gustatzen zait. Hori da egunerokotasunetik deskonektatzeko daukadan modua".

Zinemara joatea ere "gustuko" duela azaldu du Alkortak, nahiz eta umeen filmak bakarrik ikusten dituen aspaldian. Zinema eta kontzertuak biak gustatzen zaizkio, nahiz eta beti izan duen zinemarako zaletasun handiagoa. Gogoan du Donostian bizi izan zen garaian "sarri" joaten zela zinemara: "Orain, berriz, gustuko filmak eta kontzertuak ikusteko tartea hartzen saiatzen naiz".

Ihesaldiak arnasgune

Bidaiatzea zaletasuna du Alkortak, eta zaletasun hori "beharrezkotzat" dauka. Neguan, Frantziako Pirinioetara eskiatzera joatea gustatzen zaio, eta bidaia hori Urtezaharra igarotzeko tradizio bilakatu dute Alkortak, haren senarrak eta haien haurrak. "Batzuetan, distantzia fisikoa jartzea ondo dago. Urtezahar eguna kanpoan igarota benetan deskonektatzea lortzen dugu". Noizean behin "ihesaldi txikiak" egiten ere saiatzen da alkatea, egunerokotasunean "ondo" moldatzen bada ere, "eskertzen" baitu ezagutzen ez dituen lekuetara joatea. "Ihesaldi handiak egiteko denborarik ez dudanez, bidaia txikiak eginez disfrutatzen dut".

Dena den, Alkortak badu errepikatu nahi duen esperientzia bat. 30 urterekin, bizitzera Azpeitira itzuli zenean, beste lau lagunekin eta ahizpa bikiarekin Namibiara (Afrika) hiru asteko bidaia egin zuen. Bidaia antolatu bat egin zuten orduko hartan, eta bidaia hasi eta berehala, Londresko aireportuan, Madrilgo, Kataluniako eta Murtziako (Espainia) beste hamabost lagunekin elkartu ziren azpeitiarrak. "Karabana batean zeharkatu genuen Namibia, 3.000 kilometrotik gora egin genituen". Bidaia hark "asko" lagundu ziola azaldu du; izan ere, "kezka batzuekin" joan bazen ere, abiatu zenean baino "askoz ere lasaiago" itzuli zela sentitu zuen. "Nire bizitzako bidaia izan zen".

Alkortak badu bizitzarako esaldi bat: "Beti esaten dut bizitza honetan hobe dela egin dituzun gauzengatik damutzea, egin ez dituzunengatik damutzea baino". Pentsatzen jarrita, atzera begiratu eta "gauza desberdinak" egin dituela sentitzen du Alkortak: "Horrek satisfazioa sentiarazten dit”".