Elikadura saretzen

Uztarria.eus 2020ko urt. 7a, 09:31
Azoka Plazan betetzen dituzte jangeletarako produktuen otarreak Elikaguneko kideek. (Maialen Etxaniz)

Urtebeteko bidea egin du bertan ekoiztutako elikagai osasuntsuetan oinarritutako jangela ereduak sustatzeko Azoka Plaza 2.0 egitasmoak. Haren gaineko erreportaje hau argitaratu du Nerea Uranga kazetariak 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Ekinez eta eginez, urtebeteko ibilbidea egin du Azoka Plaza 2.0 egitasmo pilotuak. Elkarlanean oinarrituta, elikadura osasuntsuaren eta jasangarriaren nahiz bertako ekonomiaren sustapenean sareak ehuntzen jardun du bide horretan; tokiko elikaduraren kateko katebegiak lotzen, alegia. Irailetik, Azpeitiko eta inguruko udalerrietako hamabost ekoizleren produktuak egitasmora batu diren jangela kolektiboetara eramaten ari dira: San Martin egoitzara, Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, Iraurgi Ikastetxera, Uztaro Haurreskolara eta Sanagustin kulturgunera. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai ere proiektuaren parte da, baina egun ikastetxe publikoek dituzten mugak medio, ezinezkoa izan zaie jangela hornitzea. Azoka Plaza 2.0 elkarlanean ereindako egitasmoa da, eta horren parte dira Azpeitiko Udala, Urkome Urola Kostako landa garapen elkartea, Artxara kooperatiba (Elikagunea) eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Mirene Begiristain eta Saioa Sese dira ordezkariak). Askotariko eragileen kooperazioari esker, Eusko Jaurlaritzatik jasotako bi urterako dirulaguntzaren bidez heldu zioten egitasmoari urtarrilean.

Azpeitiko Azoka Plaza eraberrituan du jatorria proiektuak, Aintzira Oñederra (Azkoitia, 1984) Azoka Plaza 2.0 egitasmoaren dinamizatzaileak azaldu duenez: "Eraikina eraberritzearekin batera, lehen sektorea sustatzeko apustua egin zuen Azpeitiko Udalak, azoka egiteko beste modu batzuk bultzatuz. Esaterako, Elikagunea sortu zen; denda egitura dauka, baina izaeraz produktua ekoizten denetik platerean eskaintzerainoko bide osoa jorratzeko helburu eta baliabideak ditu. Aldi berean, astearteetako eta ostiral arratsaldeetako azokak zaintzeko gogoa azaldu zen; alabaina, ikusi zen Azoka Plazatik haratago beste bide batzuk ere jorra zitezkeela herrian, hala nola bailarako baserrietan ekoizten ziren produktuak herriko beste leku batzuetan ere eskain zitezkeela, herriko jangela kolektiboetan edota jatetxeetan".

Zuzeneko harremana oinarrian

Urtarrilean hasi ziren Azoka Plaza 2.0 egitaasmoaren lehen urratsak egiten. Ordutik, tokiko elikadura kateko hainbat eragileren arteko harremanak estutzeko lanean ari dira, "harreman zuzena" katebegi guztietan ardatz hartuta, Oñederraren arabera. "Azoka Plazara erostera joaten garenean, baserritarrekin dugun zuzeneko harreman hori sareko eragile guztiekin izatea dugu helburu. Horregatik, bilerak eta informazio saioak egiten ari gara ekoizleekin, jangeletako arduradunekin eta ikastetxeetako zuzendariekin, jangeletako erabiltzaileak diren gurasoekin, elikaduran adituekin... Uste dugu elkarren arteko harremanak ezin duela komertziala izan, gure arteko komunikazioak eta elkar ezagutzak emankorra izan behar duela".

Hamabost dira ekoizleen taldea osatzen duten baserritarrak, eta askotarikoak eskaintzen dituzten produktuak, konbentzionalak nahiz ekologikoak: barazkiak, fruituak, arrautzak, esnekiak, ogia eta produktu elaboratuak. Loiolako Etxearreta baserriko Kristina Murillo (Ibarra, Gipuzkoa, 1974) baratzezaina da ekoizle taldeko kideetako bat, eta gustura dago esperientzia berriarekin: "Pozgarria da, guk baserrian ekoizten ditugun barazkiak eskaintzeko beste bide bat delako. Taldelanean ari gara, eta elkarrekin jardutea ona da. Azoka Plaza 2.0 hasi aurretik ere barazkiak eramaten genituen Uztaro Haurreskolara. Orain, egitasmoaren bidez bideratzen dugu gure produktua hara eta jangela batzuetara".

Ekoizleen sarea ehuntzeko prozesuan lan mardula egin dute hilabeteotan. Oñederrak azaldu duenez, eskaintza jangeletara bideratu aurretik, katalogo bateratua eta planifikazio kolektiboa jorratzen jardun dute. "Lehenik, bertako produktua sartzeko zer interes zegoen jakiteko, jangeletako arduradunekin eta sukaldariekin hitz egin genuen. Segidan, lanketa baserritarren taldean egin genuen. Izan ere, ekoizle txikiak dira, eta orain arte bakoitzak bere erara jardun du. Prezioak bateratu eta eskaintza kolektiboa osatu dugu".

Baserrian sortutako produktu hori jangelako sukaldera iritsi arteko erdibideko lana, logistika lana edo, Elikaguneak egin ohi du. Hau da, ekoizleek hara eramaten dituzte produktuak, bertan erabiltzaileen eskariak koordinatzen, jangeletarako eskaera prestatzen eta garraiatzen dute. Astean hiru egunetan egiten dute banaketa.

Baratzeetatik eta baserrietatik ateratako elikagaiak hurrengo egunean jasotzen dituzte jangeletan. "Gertu erein, hazi eta landutako produktu freskoa, nutritiboa eta osasungarria" iristen da erabiltzaileengana, Oñederraren arabera. "Erabiltzaile diren jangeletako arduradunen aldetik interes handia ikusten dugu bertako eta kalitatezko produktuen aldeko apustua egiteko". Horretan bat dator Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendaria ere: "Gure egoiliarrak kontuan hartuta animatu ginen proiektuan parte hartzera. Alde batetik, egoiliarrek estimatuko zutelako betiko jateko hori: baserrikoa, sasoikoa eta freskoa. Beste aldetik, haien osasunerako ere onuragarria izango delako elikadura hori". Egoitzan catering zerbitzua dute, eta irailetik hark eskaintzen dizkien produktu batzuk Azoka Plaza 2.0koekin ordezkatu dituzte egoitzan. "Jangelako zerbitzuaz hitz egiteko egoiliarrekin biltzen gara urtean pare bat aldiz, eta haien iritzia jasotzen dugu. Saio horietan gustuko duten jatekoaz eta menuaz aritzen gara hizketan. Bertako produktuak eta betiko jatekoa gustuko dituztela azaldu ohi dute".

Elikadura kateko katebegiak lotu ditu Azoka Plaza 2.0 egitasmoak, tokiko elikagai osasuntsuetan oinarritutako jangela sustatzeko ahaleginean. Arantzarik gabeko bidea ez da izan, ordea. Dena den, aurrerapausoak eman ahala, sortutako oztopoak gainditzeko elkarlanean jarduteko konpromisoari heldu diote proiektuko kideek.

Egitasmo pilotu gisako izaera 2020ko abendura artekoa du Azoka Plaza 2.0k. Bitarte horretan, sarea sendotzeko zer egin badutela azaldu du Oñederrak: "Jangeletako menuak bertako eta garaiko produktuetara egokitzen, ikerketan, formakuntzan eta produktu berriak eskaintzen, oraindik badaukagu zeregina".

Urtarrilean erein zituzten asmoak, eta dagoeneko ernatu da bertako elikadura katea.