Sansebastianak 2020

Hilaren 14an, 15ean eta 16an izango dira haurren eta helduen danborradetarako entseguak

Uztarria.eus 2020ko urt. 7a, 11:02
Iazko entsegu bateko irudia.

Datorren asteartean, asteazkenean nahiz ostegunean izango dira umeen eta helduen entseguak. Haurrak 16:00etan elkartuko dira Izarraitz pilotalekuan, eta helduak 21:00etan. Helduen lehenengo eta hirugarrengo entseguetan Udal Musika Bandak zuzenean joko ditu danborradako piezak.

Gabonetako ospakizunak bukatuta, herritarrak San Sebastian festei begira dira dagoeneko. Eta jai horien atariko prestaketetan aurki murgilduko dira bai umeak, bai helduak. Danbor taldeetako kideek hainbat bilkura egin dute dagoeneko, eta zehaztu dituzte entseguetarako datak ere. Hain zuzen ere, urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an izango dira aurtengoan.

Umeen entseguak eta helduenak, bienak izango dira hiru egun horietan. Haurrek 16:00etatik 16:50era bitartean egingo dituzte saioak Izarraitz pilotalekuan, eta helduek, berriz, 21:00etatik 22:00etara bitartean. Helduen lehenengo eta hirugarrengo entseguetan Udal Musika Banda ariko da danborradako piezak zuzenean jotzen.

Umeen danborradan aterako diren zuzendariak dagoeneko hasi dira entseguekin; joan zen ostiralean egin zuten aurrena, eta gaur, asteartea, egingo dute bigarrena.