Gorka Azkune: "Gizakien adimena gaindi dezakete makinek"

Uztarria.eus 2020ko urt. 3a, 18:03
Gorka Azkune, EHUren Donostiako campusean. (Ihintza Elustondo)

Informatikako irakaslea eta ikerlaria da EHUn. Adimen artifizialean espezialista, makinen barrunbeak asmatzen aritzen da, gizakien garuna eredu hartuta. Ihintza Elustondo kazetariak egin dion elkarrizketa hau 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutakoa da.

Informatikan doktorea da Gorka Azkune (Azpeitia, 1982), eta adimen artifizialean espezialista. Makinek eta sistema informatikoek gero eta gauza gehiago egiten dituzten garai honetan, gizarteak zer bide hartuko du? Inork ez du erantzun garbirik, baina intuzio batzuk baditu ikerlari azpeitiarrak.

Adimen artifizialaren eremuan zara espezialista. Nola azalduko zenuke zer den adimen artifiziala?

Adimen artifiziala eremu dezente hartzen dituen diziplina bat da: matematika, informatika, logika... Adimen artifizialaren asmoa da gizakion adimenaren mailakoa den adimen bat lortzea, edo haratago joatea, baina makinak erabilita. Guk ezagutzen ditugun sistema adimentsuak biologikoak dira: gizakiak, animaliak... Eta lortu nahi dena da antzeko gaitasunak ematea makinei. Hori da luzera begirako helburua, baina adimen artifiziala askoz ere gauza txikiagoak edo xumeagoak egiten hasi da. Gaur egun, bi adimen artifizial mota bereizten dira: adimen artifizial ahula eta gogorra edo indartsua. Indartsua gizakion mailako adimen artifizial bat izango litzateke, egun existitzen ez dena; ahula, berriz, ataza espezifikoetan zentratzen den adimen artifiziala da, eta horren adibide ugari ditugu: argazkietan pertsonak bereizteko gai den programa bat, esaterako. Guretzat hori nahiko gauza normala da: Google Argazkiak aplikazioak badu gaitasun hori, Facebookek ere bai... Adimen artifizial gogorra oraindik iristeko dago; askok, gainera, esaten dute hori ez dela posible izango, beste batzuek baietz... Hor dago eztabaida.

Adimen artifizialarena nahiko mundu berria da, ezta?

Bai. Gaia aurrena planteatu zuena Alan Turing izan zen, 1940-1950eko hamarkaden bueltan. Informatika bera nahiko gauza berria da, eta horren barruan, adimen artifiziala ere bai. Hasierako urte haietan, alderdi teorikotik gehiago lantzen zen gaia, eta teknologia garatzen joan zen heinean, aplikazio praktikoak garatzen hasi ziren.

Zuk informatika ikasi zenuen, eta ondoren, adimen artifizialean espezializatu zinen. Zergatik murgildu zinen mundu horretan?

Betidanik asko gustatu izan zait adimen artifizialaren gaia. Askotariko interesak izan ditut nire bizitzan, gauza asko gustatu izan zaizkit: fisika, biologia, psikologiaren zenbait arlo... Eta informatika ere bai, noski. Informatika ikasten hasi nintzenean, robotikaren munduan lan egiteko aukera izan nuen. Robotikak ere zerikusi handia du adimen artifizialarekin, eta gustatzen zitzaidan bide hori. Adimen artifiziala ikertzeak guk nola funtzionatzen dugun pentsatzera eramaten zaitu, zer muga ditugun konturatzera, sinpleak diruditen gauzak zein konplexuak diren jabetzera... Horrek denak mundu hori gehiago ezagutzeko bultzada eman zidan.

Gizakia dirudiena baino konplexuagoa da, beraz.

Askoz ere konplexuagoa. Guretzako hain sinpleak diruditen gauza asko makina batean egiten hasten zarenean, zeregin horiek uste genuena baino askoz ere konplexuagoak direla konturatzen zara.

Egun, zertan aritzen zara zehazki?

Erreminta gisa neurona sare sakonak erabiltzen ditugu; hori izan da azken urteetan adimen artifizialaren esparruan egon den iraultzarik handiena. Gaur egun, oso ondo funtzionatzen ari dira, eta jende asko horiekin ari gara ikerketak egiten.

Zer dira neurona sare sakonak?

Neurona sare artifizialak dira: informatikoki, programa batzuen bidez, neurona baten portaera simulatzen dute, baina sinplifikatuta. Nik askotan zera esaten dut: neurona sareek gure garuna dute inspirazio, baina ez dute gure garuna kopiatzen, guk ez baitakigu oraindik gure garunak nola funtzionatzen duen. Oraindik ere ulertzen ez dugun konplexutasun pila bat dago gure garunean. Neurona sinple batzuekin osatutako arkitektura konplexuak dira neurona sareak. 2012ra arte, neurona sare oso sinpleak manipulatzeko gai ginen, teknologiak ez zuelako gehiagorako ematen. Baina ordutik aurrera, neurona sare askoz ere konplexuagoak erabiltzeko gai gara, neurona pila bat sortu eta horiek funtzionatzen jar ditzakegu; salto handi bat egin da horretan. Horren ondorioz, hizkuntzaren eta irudien munduak uztartzeko gai izan gara, adibidez.

Orain, arlo horretan ari zara lanean.

Hori da, horretara bideratzen ari naiz indarra une honetan. Irudiak eta hitzak uztartzen ari naiz; hau da, lengoaia naturalaren eta ikusmen artifizialaren arteko elkarrekintzak ikertzen ari naiz. Gizakiok informazio pila bat lortzen dugu ikusmenaren bidez, mundua ulertzeko erreminta boteretsuenetako bat da gure ikusmena; eta bestalde, lengoaia naturala, hizkuntza, ere oso erreminta boteretsua da mundu hori ulertzeko eta besteekin komunikatzeko. Mundu oso zabalak dira, eta beren arteko elkarrekintzak ere handiak dira. Elkarrekintza horiek ikertzerakoan, atazak definitzen dira. Ataza tipikoena zera izaten da: irudi bat eman eta testuz deskribatzea. Guretzat tontakeria bat da hori egitea, baina makina batentzat oso gauza konplexua da. Neurona sare sakonak eduki aurretik, bi mundu guztiz bereiziak ziren irudiena eta hitzena: lengoaiekin lan egiten zutenek ez zuten irudiei buruz ezer jakin nahi, eta alderantziz. Oso erreminta ezberdinak erabiltzen ziren lehen bi arlo horiek lantzeko, baina gaur egun, neurona sare sakonekin lortu duguna da bi mundu horiek batzea.

Adimen artifizialaren munduan, korronte ezberdinak egon izan dira. Zuk ikasketan sinesten duzu. Zer esan nahi du horrek?

Pertsona guztiok ia-ia zerotik ikasten dugu dakigun dena. Adibidez, ume txiki batek ez daki zer den aurpegi bat, mahai bat edo mugikor bat. Baina mahai, aurpegi eta pertsona pila bat ikusita, haurraren garuna kontzeptu horiek ikasteko gai da. Inork ez du diseinatu haren burmuina mahaiak eta pertsonak ezagutzeko, ikasi egin du garunak hori egiten. Beraz, datuetatik ikasi du. Hori da ikasketa, guk gaur egun adimen artifizialean erabiltzen dugun metodologia. Guk neurona sare bat egiten dugunean haren egitura osatzen dugu, baina egitura hori gero datu pila batekin entrenatzen dugu, eta ikasi egiten du datuetatik.

Makinek ere ikas dezakete?

Hori da gakoa. Neurona sareek ikasten dutena da neuronak beraien artean nola komunikatu behar diren guk esaten diogun eginbehar hori egiteko. Gaur egun horrek askoz ere emaitza hobeak ematen ditu, eta gizakiok dauzkagun ezaugarrietara hobeto gerturatzen da. Baina gerturatzeaz ari gara, oraindik oso urrun gaude.

Zertarako gai dira makinak?

Gauza askotarako. Kontua da adimen artifizial ahulean gaudela oraindik. Hau da, ataza pila bat egiten dituzte makinek, eta horietako asko guk baino hobeto. Baina gertatzen dena da ez direla gai denak batera egiteko. Adibide bat jarriko dut. Go Txinako aspaldiko jolas bat da, hemengo dama jolasaren antzekoa eta Asian arrakasta handia duena. Konbinazio pila bat egin daitezke Go jolasean, eta jokatzea ez da batere erraza; oso intuitiboa da. 2016an, DeepMindek AlphaGo programa informatikoa sortu zuen Gon jokatzeko, eta munduko jokalari onenari irabazi zion makina hark. Jende askok pentsatzen zuen hori ez zela posible, baina gertatu egin zen. Imajinatu makinak zertarako gai diren: kasu hartan, munduko pertsona onenari irabazi zion programa batek. Baina gauza bat kontuan hartzekoa da: partida amaitzean, jokalari on hark beste gauza pila bat egingo zituen; autoa hartu, ontziak garbitu, liburua irakurri, hitz egin, telebista ikusi... Eta makinak, berriz, Gon jokatzen bakarrik daki. Makina hori guztiz espezialista da, eta horretan oso-oso ona da, baina guk daukagun adimen orokor hori, gauza pila bat egiteko dugun gaitasun hori, ez dauka.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gauza zehatz batzuk egiteko gai baino ez dira, beraz.

Ari dira gauza ezberdinak egiteko gai diren algoritmoak-eta sortzen, baina agian, lau ataza egiten dituzten makinak garatu dituzte, eta gainera, nahiko erdipurdi egiten dituzte ataza horiek. Gizakiok gauza pila bat egiteko gai gara, eta hori oraindik makinek ez dute egiten. Ataza konkretu ugari egiten dituzte, ordea: argazkietan pertsonak ezagutu, itzulpen automatikoak egin, irudiak testuz deskribatu, irudiei buruzko galderak erantzun testuz, orban batek minbizi zelulak dituen edo ez detektatu... Datu pila bat izanez eta entrenatuz gero, oso-oso ondo egiten dituzte zenbait gauza makinek. Hori lortu dugu.

Zertan hobetu da gizakien bizimodua makinei esker?

Hainbeste gauza dira... Adibidez, Googlen edozein bilaketa egiten duzunean, adimen artifizialeko teknikak erabiltzen dira bilaketa horri ahalik eta erantzunik onena emateko. Gure egunerokoan, pentsatzen dugun baino askoz ere gauza gehiagotan dago adimen artifiziala, bai gauza sinpleetan, baita gauza handiagoetan ere: oinarrizko zientzian material berriak diseinatzerakoan edo farmazian botika berriak sortzerakoan, adimen artifizialeko teknikak erabiltzen dira. Medikuntzan ere gero eta gehiago ari da sartzen adimen artifiziala, eta ez diagnostikoetan bakarrik. Erresonantzia magnetiko bat egiterakoan, adibidez, sortu diren irudi pila horien berreraikuntza adimen artifizialeko teknikak erabilita egiten da. Horrez gain, gure mugikorretan ia dena da adimen artifiziala. Erosketaren bat egin nahi dugunean egiten dizkiguten gomendio denak ere adimen artifizialaren bidez egiten dituzte, Netflixek adimen artifiziala erabilita aukeratzen ditu filmak zuretzat... Gomendioak egiten dituen sistema dena adimen artifizialean oinarritzen da; horren bidez ezagutzen dituzte gure gustuak.

Makinen beldur direnak ere izango dira: supermerkatuetan gero eta langile gutxiago dago, zenbait ostatutan harrerako langileak kendu dituzte... Arriskua ere izan dezake adimen artifizialaren erabilerak?

Bai, zalantzarik gabe. Gizartea aldatu egingo da adimen artifizialak aurrera egiten duen heinean. Baina nik askotan zera esaten dut: bere garaian, iraultza industriala ere gertatu zen, eta antzeko zerbait izango da adimen artifizialak ekarriko duena. Industriaren aroan, lurrunezko makinak asmatu zituzten, eta langile askok makina horiek suntsitu egin zituzten. Gogorra izan zen garai hura, jende asko bidean gelditu zen, baina ordutik aurrera, lanpostu berriak sortu ziren, jendeak beste gauza batzuk ikasi zituen, eta ez zen inor gelditu ezer gabe, komatxo artean. Askok pentsatzen dute automatizazioak oinarrizko lanari edo formazio gutxi eskatzen duten lanbideei kalte egingo diela, baina esan behar da adimen artifizialarekin horren bermerik ez dagoela.

Zergatik?

Adibidez, gero eta gehiago ari gara ikusten irakaskuntza makinek egin dezaketen gauza bat izan daitekeela, agian. Gaur ez da posible, baina etorkizunean, adimen artifizialak egin ahal izango du, beharbada. Eta ikerkuntzan ere gauza bera gertatzen da. Nik, lanean ari naizenean, arazo bat hartu eta horri zer neurona sare aplika diezaiokegun pentsatzen dut, eta hori ja makinek egiten dute. Oraindik askoz gaizkiago, baina egiten dute. Makinak berak ikasten du neurona sareak egiten arazo bat askatzeko. Gauza konkretuetan, pertsonek diseinatutako neurona sareek baino hobeto funtzionatzen dute makinek sortutakoek. Ez dago baieztatzerik horrek ez digula denoi erasango. Baina pentsatu behar duguna da eraldaketa hori nola kudeatu beharko dugun gizarte bezala, ahal den jende gutxiena lagatzeko bidean. Eta bestalde, pentsatu behar duguna da makinak guk egiten dugun dena egiteko gai diren eguna iristen bada –eta ez dakit iritsiko den­– arazoa ez dela izango aberastasuna sortzea, hori banatzea baizik. Aberastasun hori banatzea askoz ere gai politikoagoa da. Gaur egun arazoak baldin badauzkagu aberastasunak banatzeko, etorkizunean ez dakit nola egingo diogun aurre gai horri.

Makinek gizakien adimena gainditzea ez dutela lortu aipatu duzu. Uste duzu noizbait irits daitekeela une hori?

Zaila da esatea, konplexua da etorkizuna iragartzea. Baina printzipioz, ez dago muga teorikorik horretan. Kontua da adimena bera ere ez daukagula definituta, ez dakigu benetan izaki bat adimentsua den edo ez esaten. Adibidez, txakur bat adimentsua al da? Nik baietz erantzungo dizut, baina jende askok ezetz esaten du, txakur batek dena instintu bidez egiten duela. Ez dago adostasunik adimena zer den esaterakoan. Eta definizio hori gabe, guretzat oso zaila da esatea zer den adimentsua eta zer ez. 1996an, Deep Blue makinak munduko jokalari onenari irabazi zion xakean, Gary Kasparovi, eta ordura arte, xakean jokatzeko gaitasuna izatea pertsona adimentsu baten ezaugarritzat jotzen zuten. Baina Deep Bluek irabazi zuenean, jende askok zera esan zuen: "Makina horrek egin duena da aukera guztiak esploratu eta onena aukeratu, eta hori ez da adimentsua izatea; Kasparovek ez du hori egiten". Ez dakigu, agian bai, eta agian ez. Baina zer gertatzen da? Makinek adimentsutzat jotzen ziren atazak egitea lortzen dutenean, jende askok esaten du hori ja ez dela adimentsua izatea. Paradoxa horretan gaude. Beraz, makinek gizakien adimena gainditzea lortuko ote duten? Galdera horri erantzutea zaila da, ez daukagulako definituta zer den adimena. Baina nik ez dut ikusten inongo muga teorikorik. Nire iritzia galdetuz gero, zera esango nuke: makinek gizakien adimena gaindi dezaketela. Noiz? Ez daukat arrastorik.

Dibulgazio lan ugari egindakoa zara, baita sari bat baino gehiago jasotakoa ere. Besteak beste, sei aldiz jaso duzu CAF-Elhuyar saria. Zientzia gizarteratzea da dibulgazio lanen asmoa. Arlo hori jorratzea garrantzitsua dela uste al duzu?

Niri beti gustatu izan zait idaztea, eta zientzia ere bai; beraz, oso modu naturalean hartu dut dibulgazioaren bidea. Baina bestalde, iruditzen zait ikerlarion ardura ere badela dibulgazioa. Zergatik? Arrazoi batzuk badaude. Batetik, ikerkuntzaren zati handi bat diru publikoarekin ordaintzen da, eta uste dut gure zergekin ordaintzen den hori zer den gizarteari kontatu egin behar zaiola. Bestetik, nik sinesten dut gizarte kulto batek zientifikoki kultoa izan behar duela. Gizarte batek, zientifikoki kultoa eta orokorrean kultoa denean, askoz ere erabaki hobeak hartzen ditu. Gizarte demokratiko batean bizi nahi badugu, gizarte horretako herritarrek ondo jakin behar dute zer erabaki hartzen ari diren. Eta gaur egun, gezurra ematen du, baina erabaki pila batek oinarri zientifiko indartsuak dituzte atzean. Adibidez, hor dugu homeopatiaren kasua: zientifikoki frogatuta dago ez duela funtzionatzen. Telebistan denetarik esaten dute adituak ez diren pertsonek, eta zer gertatzen da? Horiek zientzia gaietan oso inkultoak direla eta askotan sartzen dutela hanka. Nutrizioaren eta osasunaren kasuan ere berdin. Gauza asko aztertuta daude, eta hori transmititu egin behar zaio gizarteari, jendeak erabaki onak har ditzan. Zientifikoki kultoak baldin bagara, politikariek ez gaituzte engainatuko. Klima aldaketarena da beste adibide bat. Politikari asko ari dira esaten klima aldaketa ez dela existitzen, baina komunitate zientifikoaren %90ek baino gehiagok diote gertatzen ari dela, eta gainera, gizakia dela horren erruduna. Ez baditugu hartzen hartu behar diren neurriak, planeta pikutara joango da. Eta gizartean jende askok ez daki hori.

Zientzia herritarrengandik urrun dagoela iruditzen al zaizu?

Bai, hala da. Baina jendea esfortzu handia egiten ari da zientziaren arloan, eta Euskal Herrian, oso pribilegiatuak gara zentzu horretan; gaiari lotutako askotariko egitasmoak antolatzen dituzte. Dena den, iruditzen zait beti publiko bera joaten dela ekitaldi horietara; zaila da publiko orokorrarengana iristea. Baina ez dago besterik, saiatu egin behar da, gauzak egiteko beste modu batzuk pentsatu behar dira. Gakoetako bat da esparru orokorreko komunikabideetara iristea. Albistegietan zientziari buruz gehiago hitz egingo balitz, sekulako aurrerapausoa emango genuke. Zientziak ez dauka batere protagonismorik egunero ikusten ditugun albistegietan. Kirola, politika, ekonomia, gizarte gaiak... lantzen dituzte, eta horiek bilakatzen dira jendearentzat garrantzitsu. Eta ez diot hala ez direnik, baina zientziaz ez da ia hitz egiten.

Zer egin daiteke gizartearen eta zientziaren arteko muga hori lausotzeko?

Egiten ari garenaz aparte, zaila da gauza gehiago martxan jartzea. Hori bai, benetan falta dena da erakundeen aldetik bultzada, komunikabideetan eta gure egunerokoan sartzeko zientzia.