Bi milioi bisitako langa gainditu du Uztarria.eus-ek 2019. urtean

Uztarria.eus | Besterik
2020ko urt. 3a, 11:53

2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 2.420.771 bisita izan ditu Uztarria.eus-ek Google Analytics neurgailuaren arabera, eguneko 6.632 bisita inguru. 2018ko datuekin alderatuta, %43,35 igo da bisita kopurua –2018an 1.688.692 bisita izan zituen webgune honek–. Bisitariek, guztira, ia zazpi milioi orri zabaldu dituzte 2019 osoan zehar Uztarria.eus-en. Berriz ere, bisita gehienak eskuko telefonoetatik etorri dira, bisiten %57,09.

2018an hala egin zuela uste, baina 2019an ere marka guztiak hautsi ditu Uztarria.eus webguneak. Izan ere, webgunea sortu zenetik Uztarria.eus-eko bisita kopuruak gora egin du urtez urte, eta modu nabarmenean, gainera. Uztarriak bi neurgailu erabiltzen ditu datuak jasotzeko: Google Analytics eta StatCounter. Lehen neurgailuak, Analyticsek, ematen dituen bisiten gaineko datuak beti izaten dira StatCounterrek erakusten dituenak baino apalagoak; StatCounterren datuak, gainera, publikoak dira eta sarean ikus daitezke.

2019ko datuak ikaragarriak dira Uztarriarentzat; izan ere, StatCounterren arabera, ia hiru milioi bisita izan ditu webguneak, 2.896.738 bisita. Aldiz, herritarrek webgune horretan zabaldutako orrien kopurua 6.866.086 izan zen. 2018tik izugarri igo dira bi datu horiek: 2018an ia bi milioi bisita izan zituen Uztarria.eus-ek StatCounterren arabera, eta 4.800.287 orri zabaldu ziren bertan. Joera mantendu egiten da Google Analytics-en datuetan, baina bisitari kopuruaren zifra zertxobait txikiagoa da. Hala ere, 2018ko datuekin alderatuta, asko hazi da bisitarien kopurua –2018an bi milioiren mugan gelditu zen webgunea, eta 2019an aise gainditu du langa hori–. Hain zuzen ere, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 2.420.771 bisita izan ditu Uztarria.eus-ek Google Analytics neurgailuaren arabera, eta 6.998.921 orri zabaldu ditute irakurleek webgunean. Analyticsen arabera, 2018ko datuekin alderatuta, %43,35 igo da 2019an Uztarria.eus-eko bisitarien kopurua; orrien kopurua, berriz, %18,86.

Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du 2019. urtean: Iaz, egunero 6.632 bisita izan zituen Uztarria.eus-ek, eta bisita horietan, batez beste 2 minutu eta 47 segundo igaro zituzten erabiltzaileek. 2018an, berriz, 4.626 bisitari izan zituen Uztarria.eus-ek egunero, eta bisita horietan, batez beste, bi minutu eta erdi pasatxo igaro zituzten erabiltzaileek. Bestalde, egunero 19.175 orri zabaldu zituzten herritarrek Uztarria.eus-en batez beste –2018an, berriz, 13.051 orri–. Horrenbestez, zabaldutako orri kopurua ikaragarri hazi da 2018tik 2019ra.

Hainbat datu

Azken urteetan nabarmen egin du gora edukiak eskuko telefonoetatik irakurtzen dituzten erabiltzaileen kopuruak. 2017an lehen aldiz izan ziren bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik iritsitakoak, eta 2018an gora egin zuen kopuru horrek; %64,75 izan ziren mugikorretatik eginak. 2019an, berriz, jaitsi egin da zenbatekoa: erabiltzaileen %57,09k erabili dute mugikorra Uztarria.eus irakurtzeko –hala ere gehiengoa dira, joerari eutsiz–. Ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %36,4 eta %6,55 izan dira hurrenez hurren. Horrek esan nahi du ordenagailuko erabiltzaileen kopuruak egin duela gora 2019. urtean.

Sare sozialetan egindako argitalpenetatik Uztarria.eus-era bideratutako erabiltzaileen bisita kopuruak behera egin du aurten ere; izan ere, 2016an bisiten %24 inguru iritsi ziren sare sozialetatik, 2017an %20 inguru, 2018an %17,32 eta 2019an %16,55. Sare sozialetatik bideratutako bisiten kopuru handiena Facebooketik iritsi zen iaz ere, %80,77. Twitterretik iritsitakoen kopurua %19,18 izan zen eta %0,03 Instagrametik sartutakoena.

Uztarriak joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda, baina horiez gain, aipatzekoa da erabiltzaileek gehien bisitatu dituzten orriak Hilberriak, Aktualitatea, Agenda, Iragarkiak eta 2019ko Pourra izan direla.

Eskerrik asko, 2019an ere Uztarria.eus bisitatu eta elikatu duzuen guztioi. Iaz lortu ditugun datu guztiak pizgarriak dira guretzat, orain arteko bidean lanean jarrai dezagun. Eta ez ahaztu: zuek ere bazarete Uztarria.eus, eta zuen egitasmoen, lanen edo ideien berri emateko gaude. Uztarria Komunikazio Taldeak, baina, herritarren laguntza behar du bere jarduna garatzeko, hilabetekaria eta Uztarria.eus sostengatzeko. Horregatik, herritarrei bazkide egiteko deia egin nahi die Uztarriak. Urtean 30 euro baino ez dira ordaindu behar. Bazkide egin nahi duenak uztarria@uztarria.com helbidera mezua idatz edo 943-15 03 58 telefonora dei dezake.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu