Errege Magoen laguntzaileek bihar arratsaldean jasoko dituzte gutunak

Uztarria.eus 2020ko urt. 3a, 13:33

Umeen gutunak jasoko dituzte 17:30etik aurrera, Sanagustinpean. Errege Magoak, berriz, etzi, urtarrilak 5, iritsiko dira herrira.

Errege Magoen laguntzaileak bihar, zapatua, egingo dute Azpeitira bisita. Umeen gutunak jasotzen ariko dira horiek 17:30etik aurrera, Sanagustinpean. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta iritsiko dira pajeak udaletxe azpira, eta herriko umeek horiei Errege Magoentzat idatzitako gutunak emateko aukera izango dute.

Erregeak, berriz, etzi iritsiko dira Azpeitira. 17:00 inguruan joango dira hiru erregeak Lasaora, eta iazko moduan, txu-txu trenean egingo dute herrigunerako bidea. 17:30ak aldera, parrokiara joango dira, hango Jaiotza ikustera eta haurrei kasu egitera. Ondoren, 19:00etan, igerilekutik hasiko da erregeen kabalkada. Errege Magoek herriko ikastetxeetako ikasleak izango dituzte bidelagun ibilbidean. Aurten ere 600 bat kilo gozoki banatuko dituzte erregeek herritarren artean, eta 20:00 aldean iritsiko dira plazara; udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.