Lagun Onak futbol klubak 'Izen eta izan' ipuina aurkeztuko du igandean

Uztarria.eus 2020ko urt. 2a, 11:32

Alaitz Olaizolak idatzi du liburua, eta Iban Izagirrek ilustratu. Igandean, 11:30ean aurkeztuko dute lana, Garmendipen, eta ondoren, klubak ale bana banatuko die futbol eskolako umeei. 75. urteurreneko azken ekintza izango da etzidamu egingo dutena. 

Lagun Onaken 75. urteurreneko ekintzekin amaitzeko, klubak Izen eta izan ipuina aurkeztuko du datorren igandean, hilaren 5ean. Alaitz Olaizola idazleak eta Iban Izagirre ilustratzaileak ondu dute lana, eta klubaren helburuak eta balioak umeei helaraztea du helburu liburuak. Igandean, futbol eskolako umeek partidak jokatuko dituzte Garmendipeko goiko zelaian, eta han aurkeztuko dute Izen eta izan liburua ere. Hain zuzen ere, 10:30ean 2010ean jaiotako umeek jokatuko dituzte hamabi minutuko partidak, eta horiek amaitutakoan, 11:30etik 11:45era artean egingo dute aurkezpena. Segidan, klubak liburu bana oparituko die futbol eskolako umeei, eta guztiek argazki jendetsua aterako dute. Goiza borobiltzeko, berriz, 2011n jaiotako umeek partidak jokatuko dituzte. 

Klubaren 75. urteurrenaren barruan, askotariko ekintzak egin dituzte amaitu berri den urtean, eta besteak beste, taldearen azken 25 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua ere argitaratu dute: Futbola bihotzean, balioak zelaian. Argitalpen horren ondotik aurkeztuko dute etzidamu umeentzako ipuina.