Mikel Larrañagak hirugarrenez jantzi du Urrezko Aizkolarien Kopako txapela

Uztarria.eus | Kirolak
2020ko urt. 2a, 10:05

Urrezko Aizkolarien Kopako finala jokatu zuten asteartean, hilaren 31n, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak Asteasun (Gipuzkoa). Lehia estua espero zen finalerako, eta hala izan zen, batez ere Alberdiren eta Otañoren artean. Larrañaga sailkapenaren buruan izan zen hasieratik, eta hark jantzi zuen txapela hirugarren urtez.

Aizkolariek hamasei kanaerdiko moztu behar izan zituzten Urrezko Aizkolarien Kopako finalean, eta Alberdik 34 minutu eta erdi behar izan zituen lanak amaitzeko; probak aurrera egin ahala, handiagoa zen Larrañagak beste aizkolariei ateratzen zien aldea, eta txapela berretsi zuen azpeitiarrak. Alberdik, berriz, Larrañagak baino hiru minutu gehiago behar izan zituen hamasei kanaerdiko ebakitzeko; hark 37 minututan eta 53 segundotan amaitu zuen proba. Final osoan zehar bigarren postuan aritu zen azkoitiarra, baina aizkolariak oso gertu izan zuen Otaño; beizamarrak 38 minututan eta segundo batean bukatu zuen proba. 

Urrezko Aizkolarien Kopako finalaren ondoren, Gabonetako Harrijasotze Txapelketa eta Gabonetako Emakumezkoen Ingude Txapelketa jokatu zituzten Asteasun, eta proba horietan Mikel Lopetegi Urrak eta Virjinia Finolek jantzi zituzten txapelak, hurrenez hurren. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2020-01-02 : 13:09

Hola, ederki bukatu du Larrañagak urtea txapela jantzita baiño ze planta ederra duten Otaño ta Alberdi gizaseme hauek ere. Zorionak hiruroi jenerazio berriak herri kirolen alde egiten dezuten lanatik, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu