Euskal presoak etxeratzeko eta haien eskubideak betetzeko eskatu dute ehunka azpeitiarrek

Uztarria.eus | Politika
2019ko abe. 31a, 20:27

Azpeitiko Sarek egindako deialdiari erantzunez, ehunka lagunek euskal presoen aldeko urteko azken manifestazioa egin dute gaur, abenduak 31, Azpeitian, Atera bidera, orain presoak lelopean. Igerileku aurretik abiatu da manifestazioa 18:30ean, eta Alde Zaharra igaro ostean, plazan eman diote amaiera mobilizazioari.

Etxera itzuli direnak eta oraindik espetxean daudenak gogoan hartuz hasi dute hitzartzea Sareko kideek: "Azpeitian preso bat eta deportatu bat gutxiago ditugula amaituko dugu urtea. Dena den, ezin dugu ahaztu gaur gaurkoz Josu Urbieta Powk eta Gotzon Aranburuk espetxean jarraitzen dutela. Gotzon Alacanten dago, etxetik 700 kilometrotara, eta Pow Mont de Marsanen, etxetik 200 kilometrota". Hurrun daudenak gogoan, dispertsioak jarraitzen duela salatu dute: "Orain dela gutxi Pow bisitatzera zihoan azpeitiar batek auto istripu bat izan du, zorionez, susto txiki bat bakarrik izan zen, baino astebururo dozenaka azpeitiarrek errepidean ehunka kilometro egiten dituzte, horrek dituen arriskuekin". Hori dela eta, "presoak Euskal Herrira ekartzeko, larri gaixo daudenak askatzeko eta zigorren luzapenekin amaitzeko" galdegin dute: "Honek ezin du egun bat gehiago itxaron, giza eskubide kontua delako".

Sareko kideek adierazi dute euskal jendartearen gehiengoaren borondateak biltzeko lanean ari direla, eta "urrats berriak" egiteko garaia dela: "Gehiengo sozial, sindikal nahiz instituzionalen artean, euskal preso nahiz iheslarien etxeratzea adosteko bide orria osatzen ari gara. Frantzian eman dira pausoak; nahikoa ez, baina aurrerapausoak egon dira. Hegoaldean ere Espainiko Gobernu berriarekin elkarrizketak hasi eta presoen etxerako bidea marrazten hasi nahi dugu. Euskal jendartea prest dago. Presoak prest daude. Urrats berriak egiteko ordua da, eta guk argi esan nahi dugu urrats horiek eman daitezen gure esku dagoen dena egingo dugula".

Amaitzeko, Bilbon urtero egin ohi den presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko deia egin dute. Aurten, urtarrilaren 11n izango da, 17:00etan, eta dagoeneko eros daitezke hara autobusez joateko txartelak Nizan eta Orkatzen. 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu