Aitor Mimenzak eta Onintza Zeberiok irabazi dute XIX. San Silbestre lasterketa

Uztarria.eus 2019ko abe. 31a, 15:05

Urteko azken egunean ohitura bihurtu den gisan, aurten ere ehunka lagun irten da kalera urtea lasterka eta giro ederrean bukatzera. Aurten, XIX. San Silbestre lasterketa jokatu dute Azpeitian, Xeye atletismo taldeak Udalaren eta Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin antolatuta. Eguraldiak lagundu du, eta jende ugari animatu da korrika egitera nahiz lasterketa ikustera. Atzo agortu ziren dortsal guztiak. Ibilbideak sei kilometro izan ditu, eta guztira 700 partaide inguru izan da gaurko proban. 

XIX. San Silbestre lasterketa herrikoia 12:00etan hasi da, baina haren aurretik, Txolarte elkartearekin elkarlanean antolatzen duten Inklusioaren aldeko lasterketa irekia egin dute adin guztietako dozenaka lagunek. Plazan elkartu dira parte-hartzaileak, eta elkarrekin egin dituzte beroketa jolasak. 11:30ean hasi da lasterketa, eta bertan parte hartzera animatu direnek korrika ez ezik, oinez ere egin ahal izan dute ibilbidea. 

Lasterketa inklusiboaren ostean hasi da XIX. San Silbestre lasterketa. Iaz bezala, aurten ere Elorrioko (Bizkaia) Aitor Mimenza izan da helmugara iristen aurrena. Mimenzak 19 minutu eta 13 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko. Emakumeetan, berriz, Onintza Zeberio azpeitiarra izan da azkarrena (25:55). 

Ikusi XIX. San silbestre lasterketako sailkapena osorik, hemen.