2020an ordutegi berria izango du udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuak

Uztarria.eus 2019ko abe. 30a, 18:03

"Lege bat tarteko" ordutegi aldaketa izango du Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ). Aurrerantzean, ostegunetan 07:30etik 19:00etara, etenik gabe, izango da zabalik HAZ. Larunbatetan, berriz, itxita izango da. 

Urte berriarekin batera, Herritarren Arreta Zerbitzuko ordutegian aldaketak egingo ditu Azpeitiko Udalak. Oran artean, astelehenetik larunbatera izan da irekita HAZ, baina Udalak jakinarazi duenez, "lege aldaketa bat medio", larunbatak ez dira egun baliodunak tramiteetarako. Beraz, ordutegia moldatzea erabaki du erakundeak. Horrenbestez, urtea hastearekin batera ordutegi berria izango du Herritarren Arreta Zerbitzuak: ostegunetan zabalik izango da, etenik gabe, 07:30etik 19:00etara. Larunbatetan, aldiz, itxita egongo da.

Leire Goenaga zinegotziak eman ditu azalpenak: "Gaur egun, herritarrek tramite ugari egin ditzakete online, udalera etorri gabe. Larunbatak ez dira egun baliodunak ,eta, gainera, jende gehiegi ere ibiltzen ez dela aztertuta, ostegunetako ordutegia luzatzeko proba egitea erabaki dugu".

Tramiteak Internetez

Udalak azaldu duenez, Azpeitiko Udalaren webgunearen bitartez –azpeitia.eus– herritarrek "tramite administratibo ugari" egin ditzakete online: "Udalera etorri gabe errolda agiria eskatu, litzentzia eta baimenak tramitatu edo tramite ekonomikoak egin daitezke gaur egun". Goenagak azaldu du Interneten zerbitzu hori eskaintzea eta indartzea nahi dutela aurrerantzean ere: "Sarean egiten dira horrelako tramite gehiago, etxetik edo mugikorretik, eta gure helburua ahalik eta tramite gehienak udaketxera etorri gabe egiteko aukera eskaintzea da, horrela nahi duenarentzat".