"Langileriaren aldeko autoantolakuntza" gorpuzteko deia egin dute ehunka lagunek Azpeitiko kaleetan

Uztarria.eus 2019ko abe. 29a, 22:32

Aurtengoarekin, badira hiru urte abenduko azken asteburuan langileen aldeko aldarriak Azpeitiko kaleetara eramaten hasi zirenetik. Gaur, abenduak 29, ere horrela egin dute. Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak deituta, hirurehun inguru lagunek manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar, "sistema kapitalistaren jazarpenen eta aldaketa estrukturalen aurrean langileak elkar babestearen nahiz elkarrekin antolatzearen eta erremintak sortzearen garrantzia aldarrikatzeko". Elkarrengana lotuz, kateak hautsi! lelopean mobilizatu dira deialdira batu diren lagunak. Plazatik hasi da manifestazioa, eta leku berean amaitu da, manifestazioaren deitzaileen hitzartzearekin. "Langileriaren aldeko autoantolakuntza" gorpuzteko deia eraman dute Azpeitiko kaleetara.

2019a bukatzear den honetan, azken hamarkadari erreparatu diete Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideek. Haien hitzetan, "krisialdiaren hamarkada" da bukatzear dagoena. Dena den, uste dute krisia ez dela amaitu: "Kapitalak bere beharrak asetzeko langileriaren kateak estutzen jarraitzen du oraindik. Amaitzear da krisialdiaren hamarkada dei dezakeguna, baina ez krisialdia bera". Halaber, 2019ari begira jarri dira: "Azken urtea herri langilearen aurkako ofentsiba munduko bazter eta eremu guztietan bereziki nabarmendu den urtea izan da. Nazioarteko langileriaren askatasun politikoen ukapena muturreraino eraman du munduko hainbat lekutan: Bolivian, Txilen, Ekuadorren eta Venezuelan, esaterako. Ofentsiba horren arrazoia bakarra da: irabazien eta etekinen eskasiaren garaiotan, oligarkia internazionalak eta bere erakundeek beren botere kuotak mantentzeko eta handitzeko duten lehia basatia".

Azken hamarkadan Europako Batasunean izan diren "aldaketa estrukturalak" ere "irabazi-gose horren isla" direla salatu dute Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideek, hainbat adibide emanez: "Europako potentzia nagusiak jada ez dira gai ongizate estatua mantentzeko, eta guztion susperraldirako formula omen diren horiek, agerian uzten dute nork ordaindu behar duen bidesariaren prezioa, migrazio politiken bidez, lan baldintzen eta langileen eskubideak murriztuz, lan errefeformen bidez, prestazio sozialak eskuratzeko trabak jarriz, dirulaguntzak murriztuz, osasungintza eta hezkuntzako zerbitzuak ahulduz eta kontrol soziala areagotuz".

Mobilizazioaren deitzaileek salatu dutenez, "kapitalaren jazarpenek eta aldaketa estrukturalek herrialde guztietako langilearen bakantzea eta inpotentzia elikatzen dute, eta patrikan dirua duena babesten".

 Era berean, azpimarratu dute "aldaketa estruktural horiek" eguneroko harremanetan, moldeetan eta ohituretan "eragitea" dutela helburu, "itxura batean kontzienteak diren hautu horietan guztietan". Horren harira, jazartutako langileak elkartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute sare sozialistako kideek, eta "erasoak eraso", langile mugimenduaren "duintasunak" eta borrokarako izaerak "bizirik" jarraitzen duela nabarmendu dute: "Langileek hortzak erakutsi dituzte Bizkaiko metalgintzan, erresidentzietan, pentsioen aldeko borrokan, zaintzaren esparruan, hezkuntzan, gune auto-gestionatuetan... Baina garaipen iraunkorrak eskuratzekotan, borroka epe luzerako helburuen barruan antolatzea ezinbestekoa zaigu: erresistentzia borroken eta bitartekariei eskariak egitearen paradigma gainditzeko garaia da". Modu horretan, adierazi dute "ilusioz" ari direla bizitzen "Euskal Herrian autodefentsa eta autoantolakuntza independentearen erakusle diren borroka moldeen garapena", eta hainbat adibide eman dituzte: "Genero auziaren lanketa kritikoaren loraldia, langile eta ikasle autodefentsa sare ezberdinen borrokak, etxebizitza sindikatuaren sorrera...".

Langile direnak elkarrekin autoantolatzeak duen garrantzia nabarmenduz, eta horretarako dei eginez amaitu dute hitzartzea: "Langileok batzen gaituena gure zapaldu eta kolpatu izaeraz gain, elkar babesaz eta elkartasunez indarrak biderkatu eta zapalkuntza modalitate oro gainditzeko dugun betebehar historikoa da. Eskatzeak eta itxaroten egoteak ez ditu gure arazoak konponduko. Ezinbestekoa dugu zatiketaren aurrean modu bateratuan erantzutea. Horregatik, gure egiten dugu erasoen eta erasotzaileen aurkako borrokaren eta etorkizun askearen bide-orria elikatzeko ardura eta hautua. Beharrak eta borondateak elkartuta potentzia garelako".