Jendez goraino bete da Gaztetxea Hoi Denk Zirkue! ikuskizunarekin

Uztarria.eus 2019ko abe. 27a, 15:32

Beste urte batez, zirkoaren magiak hartu zuen atzo arratsaldean Azpeitiko Gaztetxea, Hoi Denk Zirkue! ikuskizunean. Euskal Herriko hainbat txokotako artistek elkarbanatu zuten Gaztetxeko oholtza atzokoan, eta denetariko ikuskizunak eskaini zituzten bertan elkartu zirenen gozamenerako.

Osasun arazoak tarteko, Xanti Agirrezabalak ezin izan zuen parte hartu ikuskizunean, eta haren ordez Ekain Ibargurenek gidatu zuen saioa, pailazo eta aurkezle papera ondo baino hobeto uztartuz. Azpeitiko artistakikusleak  aho zabalik utzi zituen malabareekin duen abileziarekin. Iagomagok eta Julenmagok aztikeriak egin zituzten, eta gaztetxera bertaratutako hainbat lagun igo zituzten oholtzara, trikimailuak elkarrekin egiteko. Iraitz Lizarragak sokan eskaini zuen ikuskizuna, Chavela Vargas musikariaren abestiez lagunduta. Gaizka Chamizok, aldiz, bakarrizketa eta poledance-a uztartu zituen, arazoei aurre egiteko prest dagoen superheroiaren paperean jarrita. Winkik, musika elektronikoa lagun zuela, aho zabalik utzi zituen Gaztetxera bertaratutakoak gorputza mugitzeko erakutsi zuen abileziarekin. Langile baten azalean sartu zen Winki, lantegiko makinak apurtzen dituen beharginaren azalean, hain zuzen. Kattalin Barcena "zeruraino" igo zen aro aereon, "izarra" bailitzan. Ikuskizun dotorea eskaini zuen larrabetzuarrak. Bi ordu inguru iraun zituen galak, eta amaitzean haurrek zein helduek txalo zaparrada artean agurtu zuten Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna, hurrengo urtera arte.