Santotomasetako hondakinak bildu dituzte Eguzki talde ekologistako kideek

Uztarria.eus 2019ko abe. 26a, 16:18
Eguzki talde ekologistako kideak santotomasetan. (Eguzki)

Eguzki talde ekologistako kideak santotomasetan hondakinak biltzen ibili ziren kaleetan zehar, eta atzora arte hondakin horiek ikusgai egon ziren Perez Arregi plazan. 

Herriko hainbat boluntario eta Eguzki talde ekologistako kideak hondakinak jasotzen ibili ziren Santo Tomas egunean, 05:00etatik 07:00etara bitartean. Hondakin horiek guztiak atzora arte ikusgai jarri zituzten Perez Arregi plazan. Eguzki talde ekologistako kideen arabera, boluntarioak eremu txiki bateko zaborra jasotzera "mugatu" ziren, eta nabarmendu dute Perez Arregin ikusgai jarritako hondakinak "emaitza partziala" besterik ez direla. Bestalde, Eguzkikoek jakinarazi dute ekimen horren helburua ez zela kale garbitzaileekin "lehiatzea", jendeak "zein arduragabe" jokatzen duen erakustea baizik. Horrez gain, nabarmendu dute santotomasetan lurrera botatako plastiko asko "berandu baino lehen" itsasora helduko direla, eta itsasoan gertatzen denak "gure etxe ondoan" duela jatorria.

Egoera guzti horren aurrean, Azpeitiko Udala Urola ibaiaren ertzetan burdin sareak jartzen hasi dela jakinarazi dute Eguzkiko kideek, eta nabarmendu dute burdin sare horiek beren eginkizuna ondo betetzen dutela. Talde ekologistako kideen arabera, Udalak dagoeneko 260 metro burdin sare jarri ditu, 850 jartzeko asmoa du, eta guztira, 20.000 euro inbertituko ditu eginkizun horretan.