Jabier Alberdi: "Abesbatzan kanturako gogoa daukan jendea sartzea gustatuko litzaiguke"

Uztarria.eus 2019ko abe. 27a, 11:00

Jabier Alberdik bi urte daramatza Julian Barrenetxea ahots zurien abesbatza zuzentzen. Hilaren 29an, igandean, 13:00etan Gabonetako kontzertua eskainiko dute Sangustin kulturgunean. Kontzertu horretan Azketa Ahots taldeak ere parte hartuko du.

Jabier Alberdi (Donostia, 1964) da Julian Barrenetxea abesbatzaren zuzendaria 2017. urtetik. Barrenetxeaz gainera, beste abesbatza batzuk ere zuzentzen ditu Alberdik gaur egun: Donostiako Aita Donostia, Lazkaoko (Gipuzkoa) Kantaka eta Beasaingo (Gipuzkoa) jubilatuen etxeko Gurea korua. "Aita Donostia zuzentzen 30 inguru daramatzat, zuzendari profesional koru horrekin hasi nintzen", dio Alberdik. Gustura ari da Alberdi Julian Barrenetxea ahots zurien abesbatza zuzentzen, baina koru horrek jende gaztea behar duela dio, eta abesbatzan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Abenduaren 29an, igandean, 13:00etan, Sanagustin kulturgunean Gabonetako kontzertua eskainiko dute, Azketa Ahots Taldearekin batera.

Bi urte dira Julian Barrenetxea abesbatza zuzentzen hasi zinela. Nolatan hasi zinen zeregin horretan?

Julian Barrenetxea abesbatzako Maite Rekejok deitu zidan, korurako zuzendari bila zebiltzala azalduz. Une hartan, ahots zurien abesbatza gisa jarraitzea erabakita zuten Julian Barrenetxeakoek, eta hamasei emakumek osatzen zuten korua. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan eta erronkari heldu nion. Bi urte hauetan ahots zurien abesbatza bezala gogor jardun dugu lanean eta pixkanaka ari gara helburuak lortzen.

Zurekin gogor lan egin behar da. Entseguetan ez zaizu gustatzen minutu bakar bat ere galtzea...

[Kar, kar, kar] Horretan saiatzen naiz bai, denbora ez alferrik galtzen. Urte asko daramtzat abeslari eta zuzendari gisa lanean. Berez, nire prestakuntza kantariarena da. Urte askoan Donostiako Orfeoian aritu nintzen abeslari eta beste hainbat talde profesionaletan ere abestu dut. Horregatik, bi aldeak ezagutzen ditut: abeslariarena eta zuzendariarena. Beraz, uste dut, gero eta entsegu dinamikoagoa eta arinagoa egin, denborarik alferrik galdu gabe, musikalki probetxu gehiago ateratzen dela, eta hobeto pasatzen dutela abesbatzako partaideek. Era horretan, denbora azkarrago pasatzen da.

Ahots zurien abesbatza da gaur egun Julian Barrenetxea. Zer ezaugarri ditu horrelako abesbatza batek?

Ahots zuriak haurrek egin izan dituzte historikoki, ia XX. mendera arte. Emakumeek operan zerbait abestu izan zuten, baina oro har haurrak ziren tipleak elizetako abesbatzetan eta koruetan. XX. mendean gauzak aldatzen joan ziren eta emakumeak hasi ziren parte hartzen abesbatzetan. Herriz herri abesbatzak sortzen ere hasi ziren, eta parrokietako koruetara emakumeak gehitu ziren. Tipleentzako musika garaikideko errepertorio urria egon da, gaur egun, baina, gero eta konpositore gehiago dira ahots zurientzako idazten dutenak. Gipuzkoan bertan badira konposatzaile emakumeak ahots zurientzako idazten dutenak; hala nola, Juncal Guerrero edota Eva Ugalde. Ahots zuria instrumentu desberdin bat da, behe-ahotsarekin alderatuta. Tesitura desberdina da, kolore desderdina duena, eta errepertorio zehatz bat lantzen da.

Gaur egun zein da Julian Barrenetxea abesbatzaren egoera?

Pixkanaka gizonak uzten joan ziren abesbatza, eta egun emakumeak bakarrik dira partaideak, horregatik diogu ahots zurien koru bat dela. Lehengo partaideek jarraitzen dute, eta gazte gutxi gehitu da abesbatzara. Kanturako ohitura duten abeslariak dira partaideak, baina ohitura batzuk dituzte, eta pixkanaka errepertorioa aldatzeko eta berritzeko lanean ari gara. Abesbatzan jende gaztea sartzea gustatuko litzaiguke, kanturako gogoa eta ilusioa daukana. Gaur egun abesbatzentzako musika garaikide modernoak daude, eta gauza desberdinak egiteko aukera dago.

Herritarrak abesbatzan parte hartzera animatzeko zer esango zenieke?

Lehenik eta behin, musika korala entzutera animatuko nituzke. Gaur egun era askotara entzun dezakegu musika, telefono mugikorrean... Entzun dezatela musika koral garaikidea, modernoa. Behin musika entzundakoan, etor daitezela abesbatza probatzera. Nahi duten guztientzako ateak irekita ditu abesbatzak. Soreasun entseatzen dugu astean behin, ordu eta erdiz. Asteazkenetan dira entseguak, 21:00etan. Musikako edozein aktibitate egiteak onura asko ditu; musikan aritzea onuragarria da buruarentzako, gorputzarentzako eta espirituarentzako.

Hilaren 29an Gabonetako kontzertua emango duzue 13:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Aurreko bi urteetan ere Azketa Ahots taldearekin batera egin dugu Gabonetako kontzertua, eta aurten ere hala egingo dugu. Aurrena, talde bakoitzak bere errepertorioa abestuko du. Ondoren, hainbat kantu elkarrekin abestuko ditugu. Guk kantu bat pianoak lagunduta abestuko dugu, eta flauta-jotzaileak ere izango ditugu. Batik bat Gabonetako musika abestuko dugu, baina Juncal Guerrerok konposatutako bestelako kantu bat ere gehitu dugu aurtengo errepertoriora. Abesti garaikidea, polita eta berria da.