Santo Tomas egunak jendetza atera du kalera

Uztarria.eus 2019ko abe. 21a, 14:35

Gaur, larunbata, Santo Tomas eguna ari dira ospatzen herrian. Asteburua izanik eta eguraldi ona egonik, herritarrak jai giro betean ari dira ospatzen negu atariko festak. Goizetik, jendetza atera da kalera, eta ohi bezala, eguerdirako txiki geratu da plaza. Sabela betetzeko, txorizoak eta taloak izan dira eguerdiko protagonista, eta gaurkoan ere herritarrek erruz gozatu dute jan-edanaz.

Goizetik hasi da festa Azpeitian, eta musikak ez du hutsik egin santotomasei ongietorria egiteko. Izan ere, Izarraitz txistulari taldea, Udal Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileak kalejiran aritu dira, eta ttuntturroek ere girotu dituzte txokoak. Horrez gain, azaroan egin zituzten XXXVII. Antzerki Topaketetako Ikusleen saria banatu du Udalak; aurtengoan, etxean geratu da saria, Xanti Agirrezabala azpeitiar sortzaileak jaso baitu 600 euroko diru saria, topaketetan aurkeztu zuen Satiro lanari esker. Azoka Plazan, bestalde, udazkeneko azoka egin dute inguruko ekoizleek, eta han ere etengabea izan da herritarren joan-etorria.

Kirolak ere tarte berezia izan ohi du santotomasetan, eta gaurkoa ez da salbuespena izan. Izan ere, batetik, herri kirol erakustaldia egin dute plazan, eta zale ugari elkartu da Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolarien eta Udane Ostolaza, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien harri-jasotzaileen lanak ikustera. Bien bitartean, kioskoan aritu dira kantuan Aitor Mendiluze, Jone Uria eta Sebastian Lizaso bertsolariak; bestetik, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketaren finalak jokatu dituzte Izarraitz pilotalekuan, eta aurtengoan, Adei Lizarralde, Ioritz Aizpuru eta Zuhaitz Labaka, Urritz Galarraga eta Iker Ansola, Julen Larramendi, Iker Urrestilla eta Aimar Elosegi eta Eritz Etxeberria eta Jokin Bidezabal pilotariak izan dira txapelak jantzi dituztenak.

Eguerdiko ekitaldiak amaituta, arratsaldean dantza txapelketa egingo dute. Hain zuzen ere, dantzari gazteen XIX. Dantza Suelto Txapelketak hartuko du 18:30etik aurrera Sanagustin kulturgunea. Hamabost bikote ariko dira lehian, eta horiek denek fandango eta arin-arin bana dantzatuko dute. Honako bikote hauek ariko dira lehian: Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia); Eki Aizpuru eta Jone Arriaran (Azpeitia); Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia); Aner Elorza eta Alaitz Elorza (Azpeitia); Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia); Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa); Joanes Zubia eta Arrate Goikoetxea (Ibarra); Ugaitz Ribera eta Amaiur Otaegi (Lezo-Bidania); Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun); Endika Osa eta Danele Atxukarro (Lezo-Hondarribia); Urko Puy eta Ane Jaunarena (Pasai Donibane-Lezo); Enara Artola eta Danel Castillo (Lezo-Pasai Donibane); Uxue Muñoa eta Paul Muñoz (Oiartzun-Lezo); Alazne Ramos eta Alaia Santano (Lasarte-Villabona); eta Aratz Asteasu eta Laia Barona (Gasteiz). Bien bitartean, festak ez du etenik izango kalean.

Indarkeria matxistarik gabeko gunea

Horrez gain, indarkeria matxistarik gabeko arreta eta informazio gunea jarri ditu udalak Santo Tomas egunean. Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoan, kokatuta dagoen Gazte Informazio Bulegoan ari dira eskaintzen zerbitzu hori 12:30etik 16:30era eta 20:00etatik 05:00etara. Gainera, telefono bidezko arreta zerbitzua ere eskainiko dute 20:00etatik 08:00etara, 688 75 10 00 telefono zenbakian.