Hondakinen "arazoaz sentsibilizatzeko" bilketa berezia antolatu dute igande goizerako

Uztarria.eus 2019ko abe. 20a, 15:35

Herritar talde baten eta Eguzki taldearen ekimenez egingo dute, udalarekin koordinatuta, eta herritarrek ere izango dute parte hartzeko aukera. Santo Tomas biharamunean, 05:00etatik 07:00etara egingo dute bilketa, eta jasotako hondakin guztiak Perez Arregi plazan utziko dituzte ikusgai, Gabon egunera arte.

Hondakin bilketa berezia prestatu dute Santo Tomas biharamunerako herritar talde batek eta Eguzki taldeak, Azpeitiko Udalarekin koordinatuta, herritarrak "arazoaz sentsibilizatzeko" asmoarekin. Festa egun jendetsuenetako baten ondorengo goiza aukeratu dute egitasmoa gauzatzeko, hain zuzen ere, horrelako egunek uzten dituzten ondorioak agerian jartzeko.

05:00etatik 07:00etara egingo dute bilketa. Arana kaletik hasiko dira eta handik Perez Arregi plazarainoko bidean ariko dira hondakinak jasotzen. Jasotako hondakin guztiak Perez Arregin pilatuko dituzte ondoren eta hantxe utziko dituzte ikusgai Gabon egunera arte. "Ekintza horrekin, festetan zein egunerokoan kalean bildu edo ibaian zein itsasoan buka dezaketen hondakinen inguruan sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak", azaldu du udalak.

Igande goizeko ekimenean zein aurrera begira gaiaren bueltan antolatu daitezkeen beste batzuetan parte hartzeko aukera irekia dela azaldu dute antolatzaileek. Horretarako interesa duten herritarrek 688 815 839 telefonora dei dezakete.