Miren Gurrutxaga: "Boluntario izatea arduraz hartu behar da"

Uztarria.eus 2019ko abe. 20a, 12:33
Miren Gurrutxaga. (Maialen Etxaniz)

Dagoeneko osorik irakur daiteke webgune honetan 2019ko abenduko Uztarria aldizkaria (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 222. zenbakia den horretan dator Maialen Etxaniz kazetariak Miren Gurrutxaga Gizalde Gipuzkoako boluntariotza agentziako azpeitiarrari egindako elkarrizketa hau.

Miren Gurrutxagak (Azpeitia, 1968) urteak daramatza jendeari laguntzen. Gaztetan lotu zen boluntariotzara, eta orduz geroztik ez da gelditu. Egun, Gizalde Gipuzkoako boluntariotza agentziako langilea eta Caritaseko boluntarioa da. Lanean jarraitzeko grinarik ez zaio falta.

Zer da boluntario izatea zuretzat?

Nire iritziz, gizartean parte hartzeko era asko daude. Edozein pertsonak parte har dezake era bateko edo besteko taldeetan nahiz ekimenetan, hala nola aurrekontu parte-hartzaileetan, auzo zein kirol elkarteetan… Parte hartze horiek guztiak positiboak, sustatu beharrekoak eta onak direla uste dut. Baina boluntariotza parte hartzeko beste modu bat da. Eta zergatik da ezberdina? Araututa dagoelako. Boluntariotza lege bat dago, eta lege horrek esaten du zer den boluntariotza eta zer ez. Boluntariotzaren ezaugarrietako bat da besteen alde egiten den lana dela, eta interes pertsonalik gabekoa. Betiere, jarraikortasun batekin eta elkarte baten barruan egiten den lana izan behar du, diruz ordaindutako lanposturik ordezkatzen ez duena.

Nola hasi zinen mundu horretan murgiltzen?

Kontziente izan gabe iritsi nintzen boluntario izatera. Gaztea zarenean gauza batek bestera eramaten zaitu. Ni betitik izan naiz pixka bat lodia, eta gurasoek mendira joatera animatu ninduten, mendizaleen elkartekoekin. Han lagunak egin nituen, eta gustura joaten nintzen antolatutako ekintzetara. Handik gutxira hasi nintzen elkartean nire alea jartzen, 16 urte ingururekin: bileretara joan, ekintzak prestatu, antolatutako jarduerak iragarri… Hura izan zen nire aurreneko lan boluntarioa, eta konturatzerako, luzerako konpromisoa bihurtu zen. Orduan ez nintzen kontziente boluntarioa nintzela. Parrokian ere ibiltzen nintzen, eta gerora aisialdiko hezitzaile izateko titulua atera nuen. Horri esker urritasun fisikodun pertsonekin hasi nintzen lanean, eta ondoren, Gizakia Helburuko kideekin. Konpromiso handia eskatzen du horrek, Gizakia Helburuko erabiltzaileek behar baitute boluntarioen laguntza hori. Denbora luzez egin genuen lan haiekin. Gauza batek bestera eramaten zaituenez, horrela hasi nintzen Gizalden lanean. Caritasen boluntarioa ere banaiz gaur egun.

Zein da Gizalde agentziaren zeregina?

Herritarren artean boluntariotza eta parte hartzea sustatzea da Gizalderen helburu nagusia. Horretarako, boluntario izan nahi duten pertsonei informazioa, orientazioa eta oinarrizko formakuntza eskaintzen dizkie. Era berean, aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dizkio Gipuzkoako elkarte sareari.

Zergatik animatzen da jendea boluntario izatera?

Edozerk bultza zaitzake boluntario izatera: konpromiso politikoak, sindikalak, fededuna izateak edo, besterik gabe, denbora librea izateak. Pertsona hainbete motibazio daude. Batzuek era kontzientean erabakitzen dute boluntario izatea. Beste batzuek, aldiz, arrazoi argirik edo zehatzik gabe hartzen dute erabakia. Horrelakoetan, zenbait kasutan behintzat, kontraesanak agerian gelditzen dira. Gizaldera etortzen den zenbait jendek ez du Caritasekin lan egin nahi, Elizarekin lotura duelako. Baina ondoren Caritasek sustatzen duen jantoki batean lan egin dezakeen galdetzen dute. Horrek erakusten du pertsona horiek modu batera edo bestea ekarpena egin nahi diotela gizarteari. Horregatik diot garrantzitsuena jendeak laguntzeko prestutasuna agertzea dela. Norbanako bakoitzak pixkanaka topatuko du bere lan esparrua.

Zein da boluntarioen ohiko profila?

Lan ildoaren arabera aldatu egiten da profila. Kirol arloan, esaterako, gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira. Arlo sozialean, berriz, emakume gehiago aritzen da lanean. Dena den, adineko emakumeak dira boluntariorik egonkorrenak. Horiek jarraikortasunez betetzen dute ardura. Gazteak ere animatzen dira boluntario izatera, baina gerora, familia izatean eta, utzi egiten dute.

Egonkortasuna eta jarraikortasuna aipatu dituzu. Zergatik dira garrantzitsuak?

Boluntariotzako elkarteek errealitatea eraldatzeko prozesuak sustatu nahi dituzte, eta jendea joan-etorrian ibiliz gero, zailagoa da eraldaketa prozesu horiek aurrera eramatea. Gainera, kasu askotan egoera hauskorrean dauden pertsonekin lan egin behar izaten dute boluntarioek, eta pertsona horiei ez die onik egiten beren bizitzetan joan-etorrian dabilen jendea sartzeak. Egonkortasuna behar dute. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonek, bakardade egoeran daudenek, lagunik ez dutenek… ondoan izango duten pertsona bat behar dute. Beraz, boluntario izan nahi duten guztiek kontuan hartu behar duten gauza bat da hori. Izan zaitezke boluntario curriculumerako ona delako, lagunak egin nahi dituzulako… Arrazoi horiek guztiak dira legitimoak, baina kontuan hartu behar da beste aldean badagoela ekintza boluntario horien hartzailea den pertsona bat, eta, gutxienez, gure erabakiek ez dutela harentzat kaltegarriak izan behar. Beraz, bai; konpromisoa eta jarraikortasuna garrantzitsuak dira.

Egungo testuinguruan, erraza al da boluntario egonkorrak topatzea?

Gaur egun ez dugu ia egonkortasunik lan arloan, familian, harreman afektiboetan… Hori dela eta, bakarren batentzat boluntariotzan jarraikortasuna eskatzea arraroa izan daiteke, eta zenbait pertsonak atzera egiten dute.  Baina boluntario izatea arduraz hartu beharreko erabakia da. Gaur egungo gazteentzat ez da erraza egonkortasuna lortzea, eta horregatik egiten dute atzera zenbaitetan. Dena den, izan zaitezke boluntario astean ordu bat lan eginda, online egin dezakezu ekarpena... Boluntario izateko era asko daude. Denbora eskaintzea ez da erraza, baina lehentasun kontua ere bada.

Izan al du eboluziorik boluntariotzak?

80ko hamarkada izan zen boluntariotzaren boom-a. Orduan sortu ziren gaur egun ezagunak diren GKEak nahiz elkarteak, eta urteak aurrera joan diren heinean elkarte berri asko sortu dira, lan ildo ezberdinetakoak. Desegin diren taldeak ere badaude. Garai batean, aisialdiko elkarteak boluntarioz osatzen ziren, baina gerora, lanpostu bihurtu ziren, behar bat zegoelako. Gizarte sarea administrazioa baino lehenago antolatzen da. Boluntarioek egiten dituzten gauza batzuk beti beharko dira. Horregatik pentsatzen dut ez dela zerbait negatiboa elkarteak desegitea. Denborarekin beste batzuk sortuko dira, beste problematika batzuei erantzuteko. Boluntario kopuruaren ehunekoak gorabeheratsuak izan dira azken hamarkadetan, eta joera horiekin batera, boluntarioen izaera nahiz konpromisoa ere aldatu egin dira, oro har. Gizaldera gerturatzen diren herritarrei begiratuta, gordin ikusten dut egoera; batez ere, lehen aipatutako jarraikortasunak atzera botatzen dituelako elkarteetara animatzen diren pertsonak. Gizartea aldatu den heinean, boluntariotzan ere izan dira aldaketak.

Galdetzera edo informatzera joaten direnek zer eskatzen dute gehien?

Egia esan, denetarik entzun dut agentzian lanean hasi nintzenetik. Gauza bat da zerbait egin nahi izatea eta ez jakitea zer. Baina beste gauza bat da Afrikara joan nahi duzulako boluntario sartzea edo animaliekin lan egin nahi duzula azpimarratzea. Dena den, beti diot: ezin jakin pertsona horiek nola eboluzionatuko duten. Posible da gutxien espero duzuna izatea boluntariorik finena eta konprometituena. Gustura lan egiteko eremua bilatzea da garrantzitsuena.

Eskertzen al da boluntarioen lana?

Jende askorentzat inozo batzuk gara. Dena den, badaude egiten dugun lana aitortzen duten pertsonak eta erakundeak. Era berean, kritikatu ere egiten da boluntarioen lana, hobetu daitezkeen gauzak ere badaudelako, baina horren jakitun gara, eta gauzak geroz eta hobeto egitea da erronka. Pertsona askok ez dute ulertzen gure jarduna. "Zertarako egiten duzu lan ordaintzen ez badizute? Zergatik joan behar duzu laguntzera?" bezalakoak entzutea ohikoa da. Horrelakoetan ohartzen zara zein garrantzitsuak diren bizitzan zehar jasotzen ditugun balioak, familian, lagunartean, lantokian… Inoiz pertsona boluntariorik ezagutu ez dutenei zaila egiten zaie haien jarduna ulertzea. Ikastetxeetako programaren helburuetako bat da gazteei balio horiek transmititzea. Saiatzen gara ikasleei azaltzen badagoela hirugarren sektore antolatu bat, eta horri esker badagoela gaitasuna gizartean eragiteko, izan GKEetan, arlo sozialeko elkarteetan edo auzo nahiz herrietako elkarteetan lan eginda.

Boluntariotzako zenbait elkartek Sareginez sortu zenuten. Nondik dator saretzeko behar hori?

Elkarteek antzeko arazoak edo kezkak izaten dituzte sarritan: boluntario falta, kudeaketa arazoak… Elkarren esperientziak ezagutzeko beharretik sortu zen Sareginez, eta, era berean, elkarrengandik ikasteko eta boluntariotza sustatzeko helburuarekin. Izan ere, noren ardura da boluntariotza sustatzea? Ez al da arraroa erakunde publiko batek gu boluntario izatera animatzea? Erakundeek boluntariotza sustatu edo lagundu behar dute, haientzat ere onuragarria delako, baina gauza bat da laguntzea eta bestea horren gaineko ardura hartzea. Sareginezi esker elkarteak saretzea lortu dugu, eta modu horretan baita elkarri laguntzea, egiten dugunari zabalkunde gehiago ematea eta boluntarioen formazioa indartzea ere.

Ba al dago gustuko duzun baina jorratu ez duzun lan ildorik?

Txikitan misio elkartekoak etortzen ziren eskolara, eta horrek kooperante izateko grina piztu zidan. Denborarekin, ordea, ikusi dut norberaren etxean ere badagoela zer egin eta zer ikasi. Beraz, oraingoz ez dut ezer berririk egiteko asmorik. Ezin jakin zer etorriko den gero.