Prest, hazteko eta berritzeko

Uztarria.eus 2019ko abe. 19a, 12:16
Julian Barrenetxea abesbatza (Yuri Agirre).

33 urte dira Julian Barrenetxea abesbatza sortu zutela. Koru misto bezala jaio zen, baina duela bi urtetik ahots zuriena da; emakumeena. Gabonetako kontzertua eskainiko dute abenduaren 29an Sanagustin kulturgunean, Azketa Ahots taldearekin batera.

Hiru hamarkada dira Azpeitian Julian Barrenetxea abesbatza sortu zutela; 1986. urtean jaio zen, hain zuzen ere. Garai hartan, mistoa zen korua eta 44 lagunek osatzen zuten. Aurreneko urte haietan, hamabost bat urtez, Jose Luis Frantsesena eta Pedro Illarramendi izan ziren abesbatzaren zuzendariak. Gero, Jaime Amenabarrek hartu zuen haien lekukoa.

Urte hauetan guztietan abesbatzan "esperientzia ederrak" bizi izan dituzte, Maite Rekejo koruko kidearen arabera. "Hainbat hizkuntzatan abestu izan dugu: euskaraz, gaztelaniaz, alemanez, latinez, errusieraz... Toki askotara ere bidaiatu dugu, Euskal Herrian hainbat herritan abestu dugu eta atzerrira ere joan gara: Madrilera, Bartzelonara, Parisera, Portugalera, Herbehereetara...". Abesbatzaren sorreratik gaur arte jarraitzen duten abeslariak lau bakarrik dira, horietako bat da Olatz Agirre: "Hasieran 44 gizon-emakume ginen abesbatzan. Gero, ordea, pixkanaka gizonak abesbatza uzten joan ziren".

Aldaketa, 2017. urtean

2017. urtean emakumeen abesbatza izatera pasatu zen Julian Barrenetxea. Orduan, Amenabarrek zuzendari lana utzi eta Javier Alberdi donostiarrak hartu zuen ahots zurien abesbatzaren gidaritza. "Taldean bi gizon bakarrik gelditzen ziren, eta koruaren etorkizuna erabakitzeko bozketa egin genuen. Emakumeen abesbatza izaten jarraitzea erabaki genuen", azaldu du Rekejok. Orain, "animo handiekin" aurrera egiteko prest daude.

Abestera animatzen den edonorentzako ateak zabalik dituzte Julian Barrenetxea abesbatzan. Astean behin, asteazkenetan, 21:00etan, entseatzen dute Soreasun. Javier Alberdi zuzendariak jende gaztea animatu du koruan parte hartzera: "Abesbatzak elizako musikarekin lotu izan dira askotan; gaur egun, baina, musika koralerako kantu garaikide asko dago. Musika oso eskura dago, eta jendeari proposatuko nioke aurrena musika korala entzuteko, eta gero animatzeko koruan parte hartzera. Hau da, etor dadila entsegu batera eta proba dezala. Uste dut abesbatza batean parte hartzea gauza askotarako dela garrantzitsua: buruarentzako, gorputzarentzako eta espirituarentzako".

Miren Urkizu da abesbatzan hasi den azken kidea, oso gustura dabil. "Arantxa Aierberen bidez sartu nintzen abesbatzan. Entsegu bat ikustera joan nintzen asteazken batean, eta ordutik taldean jarraitzen dut. Musikaria sentitzen naiz eta berpiztu egin zait nire haurtzaroko sentimendu hori". Herri batentzako horrelako talde bat izatea "inportantea" da Urkizuren ustez. Horregatik, herritarrak bertan parte hartzera animatu ditu: "Abesbatzak herriko hainbat talderekin batera, ekitaldi askotan parte hartzen du, gainera".

Gabonetako kontzertua, hilaren 29an

Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa Ahots taldeak Gabonetako kontzertua eskainiko dute abenduaren 29an, 13:00etan, Sanagustin kulturgunean. Talde bakoitzak bere aldetik kantatuko du aurrena, eta ondoren, hainbat kantu abestuko dituzte elkarrekin.