Enplegu eta Orientazio Zentroa, langabeziari aurre egiteko

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko abe. 19a, 10:07

Azpeitiko Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez Enplegu Orientazio Zentroa jarri zuen martxan, langabezian daudenentzat, langabezian gelditzeko arriskuan daudenentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat eta lan bila dabiltzanentzat. Zentroa Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago, eta interesa duten herritar oro bertara daiteke orientazio eta enplegu bila. Azaroko datuen arabera, %7,8koa izan da langabezia Azpeitian, eta udalak hainbat baliabide jarri nahi ditu herritarren eskura langabeziari aurre egiteko eta azpeitiarren formazioa bultzatzeko.

Azaroko datuen arabera, %7,8koa izan da langabezia Azpeitian. Hilabete horretan 539 langabe izan dira herrian. Langabezia tasaren datua eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko batezbestekoaren azpitik dago, eta EAEkoa baino hiru puntu baxuagoa da. Datu horiek "onak" badira ere, udala atzera begira jarri da: "Azken hamarkadan gorabehera handiak izan ditu langabeziak Azpeitian. Ez gara iritsi oraindik krisi aurreko langabezia tasetara, baina ez da askorik falta. Urte gorabeheratsuak izan dira. 2010ean %8,3ko batezbesteko langabezia tasa izan zen Azpeitian, eta hiru urte beranduago, 2013ko urrian, krisiaren eraginez langabezia tasa %17,20ra iritsi zen, 2013ko urrian. Erakundearen arabera, langabezia datua "pixkanaka" jaisten joan da, "udalak neurriak hartu dituelako". Neurriak hartzen jarraitzea da erakundearen helburua, eta horretarako hainbat baliabide jarri nahi ditu herritarren eskura. Horietako bat da Enplegu Orientazio Zentroa. 

Gaur egun Azpeitiko langabeziaren datua batezbestekoaren azpitik badago ere, zenbakiei "lupaz" begiratzen die udalak, horien atzean datu asko "ezkutatzen" direlako. Langabezia tasa orokorra %7,8koa da. Gizone langabezia tasa %5,8ko da, eta %1',1 emakumezkoena. "Fokua jarrita ikus dezakegu langabezia jasaten dutenen gehiengoa emakumezkoa dela, 539 langaben artetik 342 dira emakumezkoak. Adinaren arabera, 25-45 urte artekoena da langabeziaren %46,8; 45 urtetik gorakoena %44,2a eta 25 urte azpikoena, %9,1a", azaldu du udalak.  

Erakundearen arabera, langabezia eta ikasketa maila "erabat lotuta" daude: "Oinarrizko ikasketak dituzten emakumeen kopurua da langabezia tasa handiena duena. Ikasketa maila handitzen doan heinean, langabezia tasa jaisten doa". 

Lanagabeziari aurre egiteko baliabideak

Udalak azaldu duenez, "enplegu eta prestakuntza garapenerako tokiko politika integralak garatzeko baliabideak" jarri ditu martxan azken urteotan. Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez eta Lanbiderekin elkarlanean, Enplegu Orientazio Zentroa jarri zuen martxan duela urte batzuk, langabezian daudenentzat, langabezian gelditzeko arriskuan daudenentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat. Bi lan ildo jorratzen ditu: orientazioa eta enplegua. Azpeitiko zentroa Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago. Enplegu Zentroaren helburu nagusia da bertara joaten diren herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruko informazioa eskaintzea eta bilaketa aktiboan laguntzea. Bestalde, erabiltzaileei curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen laguntzen diete bertan. 

Orientazio zentroaren bidez, berriz, lan bila dabiltzan herritarrei laguntza pertsonalizatua eskaintzen diete. Bertan, herritar bakoitzak dituen behar konkretuen araberako zerbitzua eskaintzen dute, lan irteera eta prestakuntza zerbitzuen inguruko aholkularitza eskainita. Enpregu zentroa astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izaten da zabalik, 09:00tatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Orientazio zentroa, aldiz, astearte eta ostegunetan, 09:30etik 14:00etara. 

2019an, 544 herritar bertaratu dira Enplegu Orientazio Zerbitzuen bulegora. Horietatik 309 emakumeak izan dira, eta 235 gizonak. Udalak azaldu duenez, "gehienbat 25 eta 45 urte bitartekoak izan ohi dira".  544 pertsona horietatik 316 langabetuak dira eta 228 lana hobetzeko asmoz jo dute zerbitzuetara. Heziketa mailari dagokionez, 295ek oinarriko ikasketak dituzte, 134k lanbide heziketako titulua eta 115ek unibertsitate ikasketak. Udalak gogoratu nahi izan du zerbitzu horiek "herritarren eskura" daudela, eta doakoak direla. "Lan bila dabiltzan herritar horiek animatu nahi ditugu etorri eta zerbitzuak erabiltzera". 

Horiez gain, lan bila dabiltzan herritarrei zuzendutako beste hainbat egitasmo eta proiektu garatzen ari direla azaldu du udalak Iraurgi Berritzenen bidez, eta adibide gisa jarri du Hazilan programa. "Hazilanen bidez urtero 20-44 urte bitarteko 151 laguni laguntzen zaie lan munduratzeko prestatzen".

Udalak adierazi duenez, Enplegu Orientazio Zentroa bezalako zerbitzuak "ezinbestekoak" dira langabeziari aurrera egiteko edo kalitatezko enplegua lortzeko. Dena den, aurrera begira ere jarri da erankundea: "Epe motzeko langabeziaz gain, epe luzera begira ere neurriak hartu eta langabeziari aurre egiten hasi behar dugu gaurdanik". Horren harira, formazioaren farrantzia nabarmendu nahi izan du erakundeak. "Datuek diote kualifikatu gabeko pertsona gehiago direla langabezian kualifikatuak baino. Horregatik, udalak formazioari garrantzia berezia eskaini dio urte hauetan". Horren karietara, Basazabal formazio zentroaren garrantzia azpimaratu du udalak, eta aurrerantzean ere herritarren formazioa sustatzeko lanean jarraituko duela azaldu du. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu