Amets Arzallusek Sanagustin bete du 'Miñan'-en eta Ibrahima Balderen historiarekin

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 21:30

Ahaide edo senide gaztea izendatzeko erabiltzen dute miñan hitza Ibrahima Balde ginearraren hizkuntzan, hala azaldu du gaur arratsean Amets Arzallusek Sanagustin kulturgunean eskaini duen hitzaldian. Anaia gazteenak Europarako bidea hartu zuenean haren bila abiatzea erabaki zuen Baldek, eta "nahi gabe" iritsi zen bera Europara.

Irungo Harrera Sarean boluntario zebilela ezagutu zuen Arzallusek Balde, eta afrikar migratzailearen historia jaso du Miñan liburuan. Balderekin sortutako loturaz, hark kontatzeko zuenak eta kontatzeko zuen moduak nola harrapatu zuten, liburua idazteko erabakiaz, idatzitako horretan jasotakoaz eta, batik bat, Baldek bezala milaka migratzailek bizi dituzten egoera gordinez aritu da solasean bertsolari eta idazle lapurtarra, Oihana Elduaien kazetari azpeitiarrak gidatutako eta Elkar-ekinek antolatutako saioan. Arzallusen hitzak –liburuan jasotako pasarteak ere bai, tartean– adi-adi entzun dituzten entzulez bete da Sanagustin.