Bihar zabalduko dute Gabonetako haur parkea

Uztarria.eus 2019ko abe. 25a, 12:13
Iazko Gabon parkeko irudi bat.

Bihar, etzi eta etzidamu izango da zabalik Izarraitz pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Sarrera bi euro ordaindu beharko da. Aniztasun funtzionala duten herritarrek lehentasun txartela eskuratu ahal izango dute, parkean ilarak sahiesteko. Txan Magoaren bi ikuskizun eta globoekin irudiak egiteko tailerra ere izango dira parkean.

Bihar, etzi eta etzidamu zabalduko dute Gabonetako haur parkea Izarraitz pilotalekuan. Goizez nahiz arratsaldez izango da zabalik Bertan merkatari elkarteak prestatzen duen gunea; 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Sarrera bi euro ordaindu beharko da, eta Bertaneko dendetan erosketak eginez gero parkerako sarrerak eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Aurtengoan jolas eta puzgarriez gain, beste ekintza batzuk ere izango dira. Bihar eta zapatuan, esaterako, Txan Magoaren ikuskizunak izango dira parkean, 12:30ean. Horrez gain, bihar, puxikekin irudiak sortzen ikasteko globoflexia tailerraz ere gozatu ahal izango dute gaztetxoek egun osoan zehar.

Parkea inklusiboagoa egiteko neurri zehatz bat ere hartu du Bertanek eta Marea Urdinak elkarlanean. Hain zuzen ere, aniztasun funtzionala duten herritarrei zuzenduta, lehentasun txartela eskuratu ahal izango da udaletxean. Txartel horren bitartez, aniztasun funtzionala duten lagunek ez dute ilararik egin beharrik izango. Gainera, aniztasun funtzionala dutenentzako ordutegi berezi bat ere jarriko dutela azaldu dute Bertan elkarteko kideek.