Amets Arzallus: "Migranteena gure herria zeharkatzen duen errealitatea da"

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 18a, 12:34
Amets Arzallus eta Ibrahima Balde. (Andoni Canellada)

Miñan liburua ondu du Amets Arzallusek (Hendaia, Lapurdi, 1983) Ibrahima Balderekin. Ginearraren bizitza du oinarri liburuak. Arzallusek hitzaldia eskainiko du gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etan.

Zer kontatzen du plazaratu berri duzuen Miñan liburuak?

Ibrahima Balde Gineako migrantearen istorioa kontatzen du liburuak, jaio zenetik Europara iritsi zen arteko istorioa, hain zuzen. Harekin elkarrizketak egiten ibili naiz hilabeteetan, eta haren ahotsean, lehenengo pertsonan, egin dut bere bizitzaren narrazioa. Batez ere, Afrika iparraldetik Euskal Herrira zergatik eta nola iritsi zen dago jasota liburuan. Informazio hori gugana iristen ez den informazioa izan ohi da, nahiz eta Mediterraneoan jazotzen diren gertakariak ere erruz iristen zaizkigun.

Nola ezagutu zenuen Balde?

Ezagutu nuenean, Irungo Harrera Sarean (Gipuzkoa) nenbilen boluntario lanetan, ahal nuenetan laguntzen. Egun horietako batean ezagutu nuen Ibrahima. Goizetan, geltokiz geltoki eta mugaertzez mugaertz, Irungo kaleetan barna ibiltzen dira Harrera Sareko kideak, migranterik iritsi ote den ikusteko eta norbaitek laguntzarik behar al duen identifikatzeko. Irungo tren geltokian ezagutu nuen Ibrahima. Normalean handik hasten da Harrera Sareko kideek egiten duten eguneroko itzulia, eta egun hartan iritsi berri ziren hamabost lagun topatu nituen bertan. Migrante horietako bat zen Ibrahima. Orduan ezagutu genuen elkar. Ezagutu bezain pronto hasi zen niri laguntzen.

Baldek urtebete darama Euskal Herrian, eta denbora motzean asko elkarbanatu duzue. Nola garatu da bion arteko harremana?

Irunera iristen diren migrante gehienak –ia denak– Ipar Euskal Herrira edo Frantzia aldera igarotzen dira. Iaz, ordea, migrante gutxi batzuek Euskal Herrian edo Espainian gelditzea erabaki eta asiloa eskatu zuten. Asiloa eskatzen zuten horiei guztiei elkarrizketak egiten nizkien Harrera Sareko kide nintzelako. Asiloa eskatzen duten lagunek elkarrizketa bat pasatu behar izaten dute komisaldegian, eta ordurako prestatuta egoteko nahiz buruan ideiak antolatuta izateko egiten nizkien elkarrizketak haiei, baita geuk etorkinen istorioak sakonago ezagutzeko ere. Horrela egin nion aurreneko elkarrizketa Ibrahimari. Berehala nabaritu nion gauzak kontatzen jarraitzeko grina zuela. Askotan, ez da jakiten zergatia azaltzen, baina ohartzerako konplizitateak harrapatu gintuen. Asiloaren prozedurarako elkarrizketak egiten genbiltzanez, askotan elkartzen ginen, eta konturatzerako lagun arteko harreman polita sortu zen bion artean. Banekien istorio berezia zela Ibrahimarena, eta hark bizipenak kontatzeko zuen modua ere oso berezia zela iruditu zitzaidan. Hori dela eta, bere bizitzaren istorioa lantzen jarraitzeko proposamena egin nion.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.