Musika eta istorioak uztartuz ospatu dute 'Moby Dick' obraren 200. urteurrena

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 11:14

Aurten 200 urte bete dira Moby Dick obraren egile Herman Melville jaio zenetik, eta urtemuga hori aitzakiatzat hartuta, Moby-Dick. Bakarrizketa musikatuak ikuskizuna eskaini zuten atzo, asteartea, Soreasu antzokian. Maite Franco ipuin kontalariak eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek parte hartu zuten emanaldian, haiek ondutako obra baitzen atzo jendearen aurrean aurkeztu zutena. Istorioak eta musika uztartuz gorpuztu zuten ikuskizuna. 

Moby Dick izeneko kaxalotearen atzetik dabiltzan hiru lagunen istorioak izan ziren protagonistak emanaldian zehar: Ismael marinel gaztearena, Queequep arpolari basati eta fidelarena eta Ahab kapitain eroarena. Maite Franco jarri zen haien azalean, eta hark kontatu zituen istorioak. Juan Antxietako abesbatzak, aldiz, musikaz jantzi zituen istorioak. Guztira, 100 ikasle inguruk parte hartu zuten emanaldian, eta irakasleek ere egin zuten beren ekarpena.