Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, bilera irekia egingo dute bihar

Uztarria.eus 2019ko abe. 19a, 09:30
Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte greba orokorraren bidez.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak lanuztera deitu du urtarrilaren 30erako, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Greba hori dela eta, bilera irekia egingo dute bihar, 17:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak –ELA, LAB eta beste hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen mugimenduak– antolatuta, greba orokorra izango da urtarrilaren 30ean, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Pentsiodunek "mobilizazio handi" batekin markatu nahi zuten beren mugimenduaren bigarren urteurrena, eta horren harira egingo dute lanuztea. Greba orokorraren deialdiaren harira, bilera irekia egingo dute bihar, ostirala, Azpeitian. Sindikatu Zaharrean jarri dute hitzordua, 17:30ean.

Eskaera zehatzak egingo dituzte grebarekin. Pentsioei dagokienez, pentsioak urtero automatikoki gutxienez KPI bezainbeste igotzeko eskatuko dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta berrogei urtez kotizatu dutenek aldez aurretik erretiroa hartu ahal izatea pentsioan inolako zigorrik izan gabe. Lan merkatuari dagokionez, 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uzteko eskatu dute, gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko, eta genero arrakala desagertzeko soldatetan. Gainera, nahi dute bermatutako errenta (Nafarroan) eta diru sarrerak bermatzeko errenta (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) gutxieneko soldataren parekoa izatea.