Asteburu bat gehiagoz zabalduko dute Zelai Luzeko arte azoka

Uztarria.eus 2019ko abe. 17a, 16:09

Zelai Luze co-working gunean jarri duten arte azoka Gabon aurreko hiru asteburuetan ziren zabaltzekoak, baina beste asteburu batean ere irekiko dute: hau da, abenduaren 28-29koan. Bisita gidatuak eskainiko dituzte bertaratzen direnentzat.

Abenduaren 7an zabaldu zuten lehen arte azoka Zelai Luze co-working gunean. Berez, Gabon aurreko hiru asteburuetan ziren zabaltzekoak erakustokia, baina antolatzaileek azaldu dutenez, beste asteburu batean ere irekiko dute gunea: hau da, abenduaren 28-29ko asteburuan. Beraz, honako egun hauetan izango dute herritarrek azoka bisitatzeko aukera: abenduaren 21ean, 22an, 28an eta 29an. 12:00etatiik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute aretoa egun horietan. Gainera, bisita gidatuak eskainiko dituzte sustatzaileek bertaratzen direnentzat.

Margoak, argazkiak, ilustrazioak, eskulturak, objektuak... Sortzaile bakoitzak bere lanaren emaitzak erakusgai eta salgai jarri ditu Zelai Luzen. Aitor Etxeberria, Barbara Stammel, Keixeta, Olatz Aguado, Urssy Baterna Art Grupa, Gorka Larrañaga, Iban Izagirre, Udane Juaristi, Jon Andoni Martin eta Cesar Ragel artisten lanak ikus daitezke bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "oso harrera ona" izaten ari da azoka. "Jende pila bat bertaratu da, adin eta era guztietakoa. Gainera, beste herrietatik ere etorri dira azoka bisitatzera", adierazi dute.