Badator Santo Tomas eguna

Uztarria.eus | Festak
2019ko abe. 20a, 09:05

Goiz eta eguerdi partean izango dira ekitaldi gehientsuenak, eta goizetik izango dira martxan herriko ikastetxeek nahiz eragileek plazan jarriko dituzten jaki nahiz edari postuak. Halere, arratsaldean dantzari gazteen txapelketa izango da, eta gauean DJ Elepuntoren emanaldia Sanagustin kulturgunean.

Iazko Santo Tomas eguneko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ate joka da Santo Tomas eguna. Iragarpenak hutsik egiten ez badu, baleko eguraldia izango da biharkoan Azpeitian, eta eguraldia dena delakoa ere, festa girorik ez da faltako herrian. Egun osorako egitaraua prestatu dute biharko, ohiko moduan. Goiz eta eguerdi partean izango dira ekitaldi gehientsuenak, eta goizetik izango dira martxan herriko ikastetxeek nahiz eragileek plazan jarriko dituzten jaki nahiz edari postuak. Gainera, ekoizleek udazkeneko azoka egingo dute Azoka Plazan.

Kirol saioak ere izango dira: batetik, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketaren finalak ere izango dira Izarraitz pilotalekuan; eta bestetik, herri kirol erakustaldia izango da plazan. Aizkoran ariko dira Mikel Larrañaga eta Iker Vicente, eta harri-jasotzen ikusi ahal izango dira Udane Ostolaza, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien. Horiek hainbat lan egingo dituzte banaka nahiz modu mistoan. Juanjo Sagastibeltzak aurkeztuko du erakustaldia. Era berean, kioskoan jardungo dute bertsotan Aitor Mendiluzek, Jone Uriak eta Sebastian Lizasok.

Gainerakoan, batez ere, musika emanaldiak izango dira nagusi, hala nola Izarraitz txistulari taldea, Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileak eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale ibiliko dira giroa alaitzen. Horiez gain, Itsasiko ttuntturroek eta erraldoiek nahiz buruhandiek kalejira egingo dute. Plazan DJ Reefere ariko da musika jartzen, eta gauean DJ Elepuntok girotuko du Sanagustin kulturgunea.

Bestalde, azaroan egin ziren XXXVII. Antzerki Topaketetako Ikusleen saria banatuko du udalak 12:00etan. Ekitaldia udaletxean izango da, eta aurtengo saria Xanti Agirrezabala azpeitiar sortzaileak jasoko du topaketetan aurkeztu zuen Satiro lanari esker. Agirrezabalak 600 euroko diru saria eskuratuko du.

Hamabost bikote dantzan

Ohiko legez, dantza txapelketa izango da arratsaldean. Hain zuzen ere, dantzari gazteen XIX. Dantza Suelto Txapelketak hartuko du 18:30etik aurrera Sanagustin kulturgunea. Hamabost bikote ariko dira lehian, eta horiek denek fandango eta arin-arin bana dantzatuko dute. Honako bikote hauek ariko dira lehian: Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia); Eki Aizpuru eta Jone Arriaran (Azpeitia); Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia); Aner Elorza eta Alaitz Elorza (Azpeitia); Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia); Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa); Joanes Zubia eta Arrate Goikoetxea (Ibarra); Ugaitz Ribera eta Amaiur Otaegi (Lezo-Bidania); Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun); Endika Osa eta Danele Atxukarro (Lezo-Hondarribia); Urko Puy eta Ane Jaunarena (Pasai Donibane-Lezo); Enara Artola eta Danel Castillo (Lezo-Pasai Donibane); Uxue Muñoa eta Paul Muñoz (Oiartzun-Lezo); Alazne Ramos eta Alaia Santano (Lasarte-Villabona); eta Aratz Asteasu eta Laia Barona (Gasteiz).

Indarkeria matxistarik gabeko gunea

Indarkeria matxistarik gabeko arreta eta informazio gunea jarriko ditu udalak Santo Tomas egunean. Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoan, kokatuta dagoen Gazte Informazio Bulegoan eskainiko dute zerbitzu hori 12:30etik 16:30era eta 20:00etatik 05:00etara. Gainera, telefono bidezko arreta zerbitzua ere eskainiko dute 20:00etatik 08:00etara, 688 75 10 00 telefono zenbakian.

Hona hemen Santo Tomas egunerako prestatu duten egitaraua:

10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.

10:00. Patxi Azkargorta Pilota Txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.

11:00. Udal Musika Bandaren kalejira.

11:00. Eltziegoko gaiteroen kalejira.

11:30. Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileen kalejira.

12:00. XXXVII. Antzerki Topaketetako Ikusleen sariaren banaketa, udaletxean.

Goizean, Azpeitiko baserritarren udazkeneko azoka, Azoka Plazan.

12:00. Aizkolarien eta harri-jasotzaileen jaialdia, plazan.

12:00. Bertsolarien emanaldia, kioskoan.

12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.

13:00-16.00. Bentazaharreko Mutiko Alaiaken emanaldia, kalez kale.

13:00. Erraldoien, buruhandien eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.

13:00. DJ Referee-ren emanaldia.

18:30. Gazteen XIX. Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean.

23:30. DJ Elepunto, Sanagustin kulturgunean.

Bidali:  

Erantzunak

BIDELAGUNA | 2019-12-20 : 10:20

Ederra eta oparoa aurten ere Santotomas eguna.

Baina aipatzekorik bada, dantzariak nahiz pilotariak aipatuko nituzke.

Biharkoa aukera polita izaten da dantzarientzat Sanagustingo oholtzara igotzea eta pilotarientzat ikasturte haseran hasitako asteroko partiduen lanari amaiera emateko finalak jokatuz

Beste guztiok, txorizo eta talo ederraz goza dezagun.

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2019-12-21 : 11:44

Hola, festara erten aurretik herriari ondo pasatzeko eaateko idazten det. Ederra egiten du egualdia ta seguru plaza ere jendez betea egongo dela eguerdian. Aixkolariak ta bertsolariak ta dantzak ikusi ta taloa jango dugu gustora guk ere, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu