Errauste planta gelditzea erabaki zutenen kontra zigor espedientea irekitzea onartu du GHK-k

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 21:53
Errazkin eta Intxaurrandieta, 2918an EH Bilduk beraiei babesa adierazteko Azpeitian egin zuen ekitaldian.

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarraren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko presidente ohiaren aldeko ebazpena berretsi zuen ekainean Espainiako Kontu Auzitegiak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jarritako helegitea atzera botata. Gaurko batzarrean, GHK-k onartu du 2013an Zubietako errauste plantaren lanak gelditzearen alde bozkatu zutenak beren ondarearekin erantzutera behartuko lituzkeen zigor espedientea martxan jartzea. Errazkini eta Intxaurrandietari ez ezik, guztira hamalau laguni eragingo lieke balizko zigorrak.

"Epaitegien bidetik eskatzen zuten gauza bera, baina beste bide batetik" eskatzen jarraitzen du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Hala adierazi dio Uztarriari Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrak, kontsortzioak gaur arratsaldean hartu duen erabakia ezagutu ondoren. 2013an GHK-ren batzarrean Zubietako errauste plantaren lanak gelditzearen alde botoa eman zutenek erabaki hark eragindako balizko kalte ekonomikoaren –40tik gora milioi euro, GHK-ren egungo arduradunen arabera– erantzukizuna beren gain hartzea eta ondare pertsonalarekin ordaintzea nahi du, finean, GHK-k.

Epaitegiek atzera bota dituzte kontsortzioak orain arte Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko presidente ohiaren kontra egindako eskaerak. Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko ebazpena eman zuen Espainiako Kontu Auzitegiak 2018ko urrian, GHK-k urtebete lehenago, 2017ko urrian, bi lagunak auzitara eramatea erabaki ondoren. Epai horri helegitea jarri zion GHK-k, eta joan den ekainean berretsi egin zuen Espainiako Kontu Epaitegiak Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko epaia. Orain, bide administratiboa da GHK-k abian jarri duena, eta Errazkini eta Intxaurrandietari ez ezik, 2011-2015 agintaldian erraustegia gelditzearen alde egin zuten gainerako lagunei ere eragingo die; hamalau lagun dira, guztira, denak Bilduren ordezkariak, eta tartean daude Urola Erdiko Mankomunitatearen ordezkariak ere. Erraustegiaren lanak gelditzeak eragindako kaltearen zenbatekoa baloratuko du GHK-k espedientearekin, eta horren arabera ezarriko ditu erabakia hartu zutenek ondare pertsonalarekin erantzun beharreko diru kopuruak. Ondare-ardurazko espediente bat irekitzea da, izan ere, GHK-k gaur onartu duena. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio laguntza teknikoa espedientea aurrera eramateko.

Errazkinek azaldu du GHK-k baduela gaitasuna horrelako prozedura baten bidez goi-kargu ohiei zigorra ezartzeko. "Isun baten efektua izango luke. Espedientearen ebazpena gure kontrakoa bada, administrazioarekiko auzi-prozesu bidez helegitea aurkezteko aukera izango genuke", dio azpeitiarrak.