Urteari amaiera borobila emateko Emakumeen Jaialdia egingo dute ostiralean

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 10:29
2018ko emakumeen jaialdiko aurkezpeneko artxibo irudia.

18:00etan hasita, bakarrizketa saioa eskainiko du Bea Egizabal clownak. "Umoretik, Emakumeen Txokoko egunerokotasunera hurbilduko gara, gure buruaz barre egin eta umore feministara gerturatzeko", azaldu dute antolatzaileek. Horren ostean, 19:00etan, luntxa egingo dute jaialdira bertaratzen diren lagunek.

Amaitu dira Emnakumeen Txokoko neguko Jabetze Eskolak, eta bertan parte hartu duten lagunek Emakumeen Jaialdia egingo dute ostiral arratsaldean urteari bukaera borobila emateko. Jaialdiaren aurretik, baina, Jabetze Eskolen inguruko balorazioa egin dute: "Emakume ugari pasa dira Jabetze Eskoletatik, eta denek eraman dute eta utzi dute zerbait. Dakigunez, Jabetze Eskolak emakumeoi gure buruaren eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzeaz arduratzen dira. Maila pertsonal zein kolektiboan indartzen gaituzte, elkarrengandik ikasteko balio dute, errealitateari ikuspegi feminista batetatik begiratzen laguntzen digute, eta parte-hartze soziopolitikoa handitzen laguntzen digute". Azken hilabeteotan zazpi ikastarotan murgilduta ibili dira, eta Emakumeen Txoko arduradunek balorazio positiboa egin dute: "Dantza egin dugu, emozioak landu ditugu, mitoak apurtu ditugu, jendarte parekideago batetara bidean urratsak egiten saiatu gara, ahalduntzea ezinbesteko tresna baita emakumeenganako zapalkuntza gainditzera bidean".

Emakumeen Txokoa "guztiontzat topalekua" dela azpimarratzeko, Emakumeen Jaialdia antolatu nahi izan dute aurten. Izan ere, Emakumeen Txokoko kudeatzaileen helburuetako bat da emakumeak elkartzea eta elkarren berri izatea: "Guztiok egiten dugu Emakumeen Txokoa den bezalakoa, ez soilik Jabetze Eskoletan ibiltzen direnek. Bertan biltzeko apustua egiten dutenak, beraien proiektuak bertan gauzatzen dituztenak, txokoa gune segurua dela sentitzen dutenak... Bertan ibiltzen garen emakumeak* anitzak gara, gazteak eta helduak, migranteak nahiz bertan jaioak, aniztasun funtzionala dugunak, sexualitate anitzetakoak, eta abar. Errealitate anitz horiek, ordea, egunerokotasunean ikustea zaila da, norbera bere bizi erritmoari jarraituz ibiltzen baita, eta horrela zaila da ingurua ikustea".

Errealitate horri begiratzeko betaurrekoak zabalduko dituzte ostiralean Emakumeen Txokoan. 18:00etan hasita, bakarrizketa saioa eskainiko du Bea Egizabal clownak. "Umoretik, bertako egunerokotasunera hurbilduko gara, gure buruetaz barre egin eta umore feministara gerturatzeko", azaldu dute antolatzaileek. Horren ostean, 19:00etan, luntxa egingo dute bertaratzen diren lagunek, iritziak eta bizipenak trukatzeko tartea eskaintzeko.