'Moby-Dick. Bakarrizketa musikatuak' ikuskizuna eskainiko dute bihar Maite Franco ipuin kontalariak eta musika eskolako abesbatzak

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 13:24
Juan Antxieta musika eskolako abesbatzaren artxiboko irudia.

200 urte bete dira Moby Dick obraren egile Herman Melville jaio zenetik. Efemeride horri tiraka ikuskizun bat ondu dute Maite Franco ipuin kontalariak eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak elkarrekin. Bihar eskainiko dute literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizuna Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. 

Aurten 200 urte bete dira Moby Dick obraren egile Herman Melville jaio zenetik. Efemeride horri tiraka ikuskizun bat egitea bururatu zitzaion Maite Franco ipuin kontalariari, eta denborarekin forma eman dio proiektuari. Istorioak eta musika uztartuz gorpuztu du ikuskizuna, eta bidelagun izan ditu Juan Antxieta musika eskolako ikasleak eta irakasleak. Francok eta Juan Antxietako abesbatzako kideek elkarrekin ondu dute Moby-Dick. Bakarrizketa musikatuak ikuskizuna, eta bihar, asteartea, plazaratuko dute herritarren aurrean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Emanaldia irekia izango da, eta nahi duen oro hurbil daiteke ikuskizunaz gozatzera. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Moby Dick izeneko kaxalotearen atzetik dabiltzan hiru lagunen istorioak izango dira protagonistak emanaldian zehar: Ismael marinel gaztea, Queequep arpolari basati eta fidela eta Ahab kapitain eroa. Maite Franco jarriko da haien azalean, eta hark kontatuko ditu istorioak. Juan Antxietako abesbatzak, aldiz, musikaz jantziko ditu istorioak. Guztira, 100 ikasle inguruk parte hartuko dute biharko emanaldian, eta irakasleek ere egingo dute beren ekarpena.