Uztarriak Dinamoan izango du bulegoa aurrerantzean

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 11:18

Uztarria bulegoz lekualdatu da. Orain arte Perez Arregi plazan izan da komunikabidearen erredakzioa, baina gaurtik aurrera, Dinamoan kokatuko da; Azpeitiko Udalak utzi dio gunea hedabideari. Dinamoa sormen gunearen lehen solairuan aurkituko dute herritarrek Uztarria aurrerantzean, edozer zalantza edo behar izanez gero. Uztarriarekin batera, Urola Kostako Hitza ere bulego berean kokatuko da aurrerantzean.