Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2019ko abe. 15a, 18:59
Mikel Larrañaga. (Argazkia: Ibon Errazu)

Jon Rekondoren aurka jokatu du gaur, igandea, aizkolari azpeitiarrak Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Finala Julen Alberdi Txikia IV. aizkolari azkoitiarraren aurka jokatuko du abenduaren 31n, Asteasun (Gipuzkoa).

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatu da. Gaur, igandea, Urrestilako Txikuri pilotalekuan jokatu dute finalerdia Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok.

Azpeitiarrak 27 minutu eta 50 segundoan ebaki ditu hamabi kanaerdiko enbor. Rekondok, berriz, 28 minutu eta 49 segundo behar izan ditu. Larrañagak eskuratu du, beraz, Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela. Finala Julen Alberdi Txikia IV. aizkolari azkoitiarraren aurka jokatuko du abenduaren 31n, Asteasun (Gipuzkoa).

Aizkola Kopako saioaz gain, Gabonetako Harrijasotze Txapelketa eta Emakumeen Gabonetako Ingude Txapelketa ere jokatu dituzte Urrestillan. Beñat Telleria harri-jasotzaileak 78 altxaldi eman dizkio harriari. Ingude lehian, berriz, Maika Aristegi nagusitu da Estibaliz Cidaden aurka.