Plastikoa ibaira eror ez dadin, burdin sarea jarri dute ibai ertzeko barandetan

Uztarria.eus 2019ko abe. 13a, 11:09

Azpeitiko Udalak burdin sarea jarri du herriko ibai ondoko hainbat barandatan, plastikoak ibaira erortzea saihesteko. Gorka Alberdi ekologista azkoitiarrak proposatu zion udalari barandetan burdin sarea jartzea, eta ideia aztertu ondoren erabaki du erakundeak neurri hori hartzea. "Arazoaren sustraia gure kaleetan barreiatuta ikus ditzakegun hondakin kopurua da, ez soilik jende asko biltzen den egunetan, jaietan, kontzertuetan eta abarretan, baizik eta urteko edozein egunetan, hala nola tabako-bilgarriak eta gozokiak, plastikoak, paperak, poteak eta zigarrokinak; horiek guztiak haizeak edo euriak eramaten ditu gehienbat”, adierazi du Gorka Alberdik. 

Asmoa da 845 metrotan saretak jartzea, eta horretarako plangintza egin dute Alberdik eta udalak, elkarrekin. Erakundeak azaldu duenez, dagoeneko jarri dute burdin sarea Alde Zaharraren inguruko hainbat gunetan. 2019an, 845 metro horietatik 250-300 metro inguru jarri dituzte, "proba gisa". Dena den, erakundeak azaldu duenez, Udalak datorren urtean babes gabeko guneak egokitzeko konpromisoa hartu du. Horren harira, Alberdik eskerrak eman dizkio udalari: "Benetan eskertzen dugu Azpeitiko Udalak Urola ibaia hobetzeko hartutako konpromisoa".

Udalak jakinarazi duenez, "ibaiaren garrantzia eta kalean sortzen diren hondakinen inguruko sentsibilizazioa" lantzeko hainbat ekintza ere badituzte eskuartean, eta horiek "epe motzean" egiteko asmoa dute.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)