Abenduaren 20an izango da Txapelen omenezko bertso saioa

Uztarria.eus 2019ko abe. 12a, 15:02

Santo Tomas bezperan, ostiralez, izango da saioa. 22:00etan hasita, Soreasu antzokiko agertokian izango dira Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi eta Oier Etxeberria. Saioan ariko den seigarren bertsolaria Gipuzkoako txapelduna izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, zortzi eurotan.

Santo Tomas bezperan, abenduaren 20an, izango da Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren oroimenezko bertso saioa. Ostiralerako prestatu duten saioa Soreasu antzokian izango da 22:00etan hasita, eta kantuan ariko diren sei bertsolarietatik bost zehaztu ditu dagoeneko Eniarraitz bertsozale elkarteak. Hain zuzen ere, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi eta Oier Etxeberria dira zehaztuta dituzten bertsolarien izenak, eta seigarrena larunbateko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren irabazlea izango da. Beraz, ikusteko dago Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Jon Maia, Ane Labaka, Beñat Lizaso edo Nerea Elustondo izango den Soreasun. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte ariko da.

Saiorako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean nahiz Orkatz tabernan, Azkoitiko Zurt tabernan eta Zestoako Portale kulturgunean erosi ahal izango dira horiek. Aurrez zortzi euro ordaindu beharko da sarrera, eta egunean bertan hamar euro. Saioaren egunean Soreasu antzokiko leihatilan jarriko dituzte sarrerak eskuragarri.