Sanferminetako talde bortxaketaren kasuaz hausnartu dute Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko abe. 12a, 10:25

Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua izenburupean solasaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) Berriako kazetari izanak eta EHUn ikerlariak. 18:30ean hasi zen solasaldia, eta hark indarkeria matxista ulertzeko moduak, justizia sistemaren ajeak, hedabideen tratamendua eta izuaren inguruko diskurtsoak izan zituen hizpide. Dozena erdi bat lagun elkartu zen saioan.

2016ko sanferminetako talde bortxaketa ezagunaren kasua ardatz hartuta kaleratu du Veltek Nik sinesten dizut liburua. Berriak, Elkarrek, Jakinek eta Txalapartak elkarlanean ekoizten duten Aleka bildumako zortzigarren lana da Velterena. Zarauztarrak bortxaketa haren inguruan sortutako diskurtso eta trataerak landu ditu. Izan ere, Manada kasuak inflexio puntu bat markatu zuen kontzientzia kolektiboan.

Honako lotura honetan irakur daiteke duela egun batzuk Urola Kostako Hitzak Velterekin hitz eginda osatutako erreportajea.