Azoka Plaza 2.0 proiektuak urtebeteko ibilbidea egin du, bertako ekoizleak eta erabiltzaileak saretuz

Uztarria.eus 2019ko abe. 11a, 20:08

Azpeitiko jatetxe eta jangela kolektiboak bertako elikagaiekin hornitzeko proiektua da Azoka Plaza 2.0. Urtearen hasieran abiatu zuten proiektua, herriko jangela kolektiboetan bertan ekoiztutako produktuekin egindako menuak osatzea helburu. Hilabeteotan egindako elkarlanaren ondorioz, egitasmoaren sustatzaileak, ekoizleak eta erabiltzaileak saretu direla azaldu dute gaur elkarrekin Azpeitiko plazan egindako agerraldian: "Eskualdeko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako kalitatezko elikagai osasungarriak zuzenean jatetxe eta jantoki kolektiboetara bideratzeko nahiz tokiko ekonomia sustatzeko sarea abian jarri dugu”.

Azoka Plaza 2.0 egitasmoak jatorria Azpeitiko Azoka Plazaren eraberritzean du. “Azoka Plaza berritu zenetik, sasoiko eta herriko zein eskualdeko barazkiak eta bestelako elikagaiak eskuratzeko plaza bilakatu da. Bertan inguruko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako garaian garaiko eta kalitatezko elikagaiak eskaintzen dira". Azoka Plaza eta bertako filosofia abiapuntu hartuta, abiatu zuten Azoka Plaza 2.0 proiektua.

Herriko elikadura sistema lantzeko talde eragile bat sortu dute Azpeitiko Udalak, Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkarteak, Artxara kooperatibak (Elikagunea) eta EHUko Ekonomia eta Enpresa sailak. Elikadura katea osatzeko, ordea, tokiko beste eragileekin ere elkarlana bultzatu dute. Era horretan, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako hamabost ekoizlerekin lantaldea osatu dute, askotariko elikagaiak eskaintzeko: barazkiak, fruta, esnekiak, elikagai elaboratuak, arrautzak eta ogia. “Baserriari lotutako proiektu ekonomikoak bultzatzeko, nekazaritza industriatik kanpo, laborantza iraunkorra bermatze duten oinarrietan oinarritzen gara”, azaldu dute Azoka Plaza 2.0ko sustatzaileek. Tokiko ekoizpen txikiek baserritarren lan baldintza duinen aldeko apustua egiten dutela nabarmendu dute, era berean, landa eremu bizi bat sustatuz eta ingurumenarekiko oreka jasangarria bermatu asmoz.

Eragileek elkarlanean eman dituzten pausoak

Jangela kolektiboak hornitu ahal izateko, ekoizleek elkarlanean oinarritutako eskaintza kolektibo baten aldeko apustua egin dute. Horretarako, lanean jardun dute ekoizpena planifikatzeko eta prezioak bateratzeko. “Modu horretan osatu dugu erabiltzaileei eskaintzeko katalogo bateratua”, adierazi dute.

Proiektuarekin bat egin duten erabiltzaileen ordezkariek ere parte hartu dute gaurko agerraldian. Horiek dira: Uztaro Haurreskola, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi ikastetxea, San Martin adinekoen egoitza eta Sanagustin kulturgunea.

Proiektuaren izaera pilotua dela gogorarazi dute, eta elikaduraren ardura eta erabakitzeko aukera berriak ireki nahi dituztela adierazi dute. Horretarako, egitasmoko parte diren eragileen lankidetza eta zuzeneko harremana ezinbestekotzat jo dituzte. “Konfiantzazko harreman hori errazteko, horniketa unitatearen ardurak partekatu asmo dituen funtzionamendu protokoloa osatu dugu”, azaldu dute. Hala, ekoizleen elikagaiak Elikagunetik hornitzen dizkiete erabiltzaileei astelehen, asteazken eta ostiraletan. “Era horretan, baserritarrek ekoiztutako elikagaiak zuzenean jangeletako eta jatetxeetako sukaldeetara eramateko aukera errazten zaigu: ekoizleen elkarlana bultzatuz, irabazi asmorik gabeko kudeaketa eginez, eskaerak eta banaketaz zentralizatuz, kudeaketa administratiboa sinplifikatuz eta elikagaien banaketa antolatuz”.

Jangela kolektiboetako eskaerara egokitzeko ahaleginean ari dira Azoka Plaza 2.0 proiektuko kideak gaur egun, “berrikuntza eta hobekuntza" oinarri hartuta. Esaterako, San Martin egoitzako esne erdi-gaingabetuaren eskaerari erantzuteko, Urraki ekoizlea esnea gaingabetu eta gurina elaboratzen hastekoa da. Horrez gain, ogi artisaua jangeletara egokitzeko aurrerapausoak ematen ari direla ere azpimarratu dute.

Proiektuko kideak Elikuko Aitziber Aizpuru dietista-nutrizionistarekin ere elkarlanean ari dira. “Tokiko lehen sektoreak eskaintzen dizkigun sasoiko elikagaietara egokitutako menuak eskaintzea da gure helburua, eta Aizpururekin elkarlanean, adin desberdinetakoei osasungarri zaizkien menuak osatzea da asmoa”.

Azoka Plaza 2.0 proiektuaren prozesu izaera guztia kontuan hartuta, “jangela kudeaketa eredu zuzenaren eta deszentralizatuaren” aldeko apustua egitea ezinbestekoa ikusten dute sustatzaileek, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta soziala bermatzeko.