Ander Valverde: "Uste dut une gorenean gaudela, eta horretaz ahal dugun gehien disfrutatzea nahi dut"

Uztarria.eus 2019ko abe. 11a, 12:56
Ander Valverde (Green Valley)

Ander Valverde (Gasteiz, 1982) Green Valley taldeko abeslaria "gogotsu" dago zapatuan Sanagustin kulturguneko agertokia zapaltzeko. 22:30ean hasiko da emanaldia, eta dancehall eta reggae doinuez gain, aldarrikapen sozialik ez da faltako kontzertuan. Bajo la piel izenda duen azken estudioko lana plazaratuko du taldeak. Kontzertu horren ostean, Little Selektahren emanaldia izango da. Sarrerak salgai daude Interneten nahiz Sanagustin kulturgunean.

Bajo la piel seigarren diskoarekin iritsiko zarete Azpeitira. Nola deskribatuko zenuke azken lana?

Sortzen eta grabatzen aritu garen hiru urteen laburpena da diskoa. Bi arrazoi tarteko izena du Bajo la piel: batetik, nik gitarrarekin sortu dudan lehen diskoa delako, nire barruan neukan musika kaleratu dudalako; eta bestetik, aita izan naizelako eta horrek asko inspiratu nauelako. Disko hau aurrekoak baino helduagoa dela uste dut, nahiz eta beti gauza bera esaten den. Jendeak zera esaten digu: "Ja ez dituzue hasierakoen moduko abestiak egiten". Eta hala da, baina uste dut garapen naturala izan dela; izan ere, 37 urte dauzkat, ez 18 urte. Finean, bizitzaren une jakin honetan gure barneko musikak munduari eman nahi diona jaso dugu diskoan.

Nolakoa izan zen diskoaren sortze eta grabatze prozesua?

Pixka bat kostatu zitzaigun; izan ere, abestiak modu intimoan sortu nituen, nire logelan, gitarrarekin, modu akustikoan eta artisauan. Eta hori soinu elektriko bihurtzeko unea iritsi zenean, abestiek esentzia galtzen zutela ohartu ginen. Asko kostatu zitzaigun egokitzea, baina denbora dezente igarota erabaki genuen kantak modu akustikoan hastea. Horregatik, disko berriko doinu asko gitarrarekin hasten dira, eta gero sartzen da bateria eta taldea. Modu horretan lortu genuen kanten hasierako esentzia intimo eta akustikoa mantentzea. Grabaketa prozesua, berriz, oso dibertigarria izaten da beti.

Diskoa grabatzeko geldialdia egitea erabaki zenuten. Zergatik?

Bajo la piel diskoa grabatzen hasi aurretik, hamalau urte generamatzan geldialdi bat bera ere egin gabe. Taldeek, oro har, bizpahiru urtez behin egiten dituzte geldialdiak; are gehiago, disko bat kaleratu, bi urtez kontzertuak eskaini eta berriz gelditzen dira. Gu beti lanean aritu gara, ez genuen gelditzeko behar handirik ere sentitzen: orain arte, bi urtez behin kaleratu ditugu diskoak, eta hiru urtetan hiru estudioko lan ere argitaratu genituen. Zoramena izan zen hura. Aurten ez genuen halakorik egiteko beharrik, eta gauzak ondo egiteko eta prozesuaz disfrutatzeko, sei hilabeteko etena egitea erabaki genuen. Izan ere, estres pixka bat sortzen du kontzertuetan aurreko diskoko kantak jotzeak, eta aldi berean, disko berrirako abestiak grabatzen aritzeak.

Diskoa kaleratuta, larruazalaren azpian zer aurkitu duzuela esango zenuke?

Bat-batean esnatzen zara hamabost urteko ibilbidea eginda, gelditu eta galderak egiten hasten zara: "Non gaude? Zer lekutan? Zer ari da gertatzen? Zer egoeratan gaude?". Ohartu gara sasoi onean gaudela eta ikus-entzule berriak etortzen direla gure emanaldietara. Gainera, Bajo la piel diskoko kantak emanaldi indartsu batean txertatzeak zaila bazirudien ere, oso ondo egokitu dira. Abesti berriek osagarri pila bat eman dizkiote emanaldiari, eta egia esan, oso harrera ona izaten ari dira. Bestalde, taldearen heldutasuna ere nabaritzen da; oso soinu ona ari gara lortzen. Hasierako urduritasunak ez ditugu izaten emanaldien edo jaialdien aurretik, lasai igotzen gara agertokira, lan metodologia oso finkatuta daukagu... Uste dut une gorenean gaudela, eta horretaz ahal dugun gehien disfrutatzea nahi dut.

Zerekin egingo du topo zapatuan Sanagustin kulturgunera joaten denak?

Gaur egun, jendeak oso denbora gutxi eskaintzen dio musika entzuteari: zortzi ordu lanean, zortzi ordu lotan, zortzi ordu bizitzen... Egunerokoan oso jende gutxik eskaintzen dio denbora musikari eta oso jende gutxi joaten da kontzertuetara. Saiatzen gara gu ikusteko dirua gastatu duen pertsona hori kontzertutik irribarre batekin aterarazten. Ikus-entzuleek mundial pasatu dezaten nahi dugu, eta horretarako, denetarik egiten saiatzen gara: mezuak, energia uneak, barre momentuak... Irabiagailuan sartzen ditugu osagai horiek denak, jendea agujetekin eta afoniko atera dadin kontzertutik. Uste dut ederki pasatuko dutela kontzertura joaten direnek.

Abestien hitzekin kontzientzia kritikoa, pentsakorra eta soziala piztu nahi dituzuela esana duzu behin baino gehiagotan. Zer garrantzia dute hitzek?

%98ko garrantzia dute, ehuneko ehunekoa ez esateagatik. Abesti batean festaz hitz egiten dugu, ostirala izanik barrua husteko dugun gogoaz. Baina gainerako abestien hitzek aldarrikapen jakinak dituzte; besteak beste, indarkeria matxistaz, animalien aurkako indarkeriaz, naturaz eta migratzaileekin Mediterraneoan gertatzen ari denaz hitz egiten dugu. Abesti bat egiten dugunean gai jakin bat fokalizatzen saiatzen gara, mezu jakin bat zabaltzeko. Gai sozialak lantzen ditugu, jendeari gauzak esateko. Zortea dugu; izan ere, herritarrek entzuten duten bozgorailu umil bat daukagu, eta gauzak diren moduan kontatzea nahi dugu, egia esatea. Reggaetoiaren garaiotan jendeak pentsatu dezan nahi dugu.

Reggae musikak zer une bizi du?

Katalunian eta Euskal Herrian reggae talde berriak sortzen ari dira etengabe. Orain, gainera, indarra hartu dute sound systemek. Badakit, adibidez, Euskal Herrian musikari ugari ari direla beren soundak sortzen. Hori ikaragarri polita da; musikaren alderik politena horixe dela uste dut.

Katalunian bizi zara, baina euskal herritarra izanik, zer esan nahi du zuretzat Azpeitian kontzertua eskaintzeak?

Oso gustura nago. Gasteizera edo Bilbora joaten gara normalean, eta Euskal Herriko halako herri batera joatea luxua da guretzat. Publiko txikiagoaren aurrean ariko gara, baina ikus-entzule horiek eskertzen dute herrietan ere kontzertuak ematea. Disfrutatuko dugunaren zalantzarik ez dut.