Hasi da ekonomia sozial eraldatzaileko ekintzaileentzat antolatutako ikastaroa

Uztarria.eus 2019ko abe. 11a, 10:33

Atzo, asteartea, hasi ziren ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan eta ekintzailetza sozial eta kooperatiboa bultzatzeko Azpeitiko Udalak eta Olatukoop-ek antolatutako formazio saioak. Basazabal jauregian egin zuten aurreneko saioa Beñat Irasuegik gidatuta, eta dozena inguru lagun elkartu zen bertan. Guztira, hamar saioko formazio ikastaroa izango da, eta hurrengoa abenduaren 17an egingo dute. Urtarriletik aurrera, berriz, saioak hamabostean behin izango dira, Basazabalen bertan. 

Hamar saio izango dira guztira eta saioz saio honako gaiak landuko dituzte:

1. Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Marko teorikoa, beharren diagnostikoa (ariketa) eta jardunbide onak.

2. Tokiko garapen eraldatzailea: datuetatik hasi eta elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioaren garapen praktikora.

3. Kooperatibismoa. Estatutu ereduak.Kooperatibismoa udalgintzatik sustatzeko bideak.

4. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan. Prozesu integrala eta neurketarako adierazle sistemak.

5. Ikuspegi feminista eta zaintza erdigunean. Azpeitirako ekimen zehatzen lanketa.

6. Talde-kudeaketa eta antolaketarako tresnak.

7. Sare komunitatea, harremanak eta marketin komunitarioa.

8. Genero eta jatorri aniztasuna lurraldean eta proiektu eraldatzaileetan.

9. Azpeitiko erronkak ESE ikuspegia txertatuta.

10. Ekintza plana osatzeko eta formazioaren bateratze saioa.