Finalerako prest dira zortzi bertsolariak

Uztarria.eus 2019ko abe. 10a, 18:14
Finalean ariko diren zortzi bertsolariak. (GBE)

Ate joka da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala. Gaur aurkeztu dute saioa, eta han izan dira finalean kantatuko duten bertsolariak; tartean Beñat Lizaso. "Aurreko txapelketetan langa jo ote nuen zen kezka, eta orain bai jo dudala langa!", adierazi du azpeitiarrak gaurko aurkezpenean.

Gaur, asteartearekin, aurkeztu dute datorren zapatuan Donostiako Ilunben izango den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala. Eta prest dira dagoeneko zortzi finalistak, tartean Beñat Lizaso azpeitiarra. Ate joka da finala, eta horren lekuko da gaur Donostiako San Telmo museoan egin duten aurkezpena. Han izan dira Lizaso eta Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Ane Labaka.

Lehen aldiz ariko da Lizaso Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, baita Elustondo eta Labaka ere. Dena den, horiekin kantatuko duten hainbat bertsolarik badute finaletan esperientzia. Gaztelumendi da gaur-gaurkoz Gipuzkoako txapelduna, hark irabazi baitzuen orain dela lau urteko txapelketa. Laburuk, berriz, hirugarren finala izango du zapatukoa, eta Martinek aurreko edizioan ere zapaldu zuen Ilunbeko agertokia. Iguaranek 2015ean abestu zuen lehen aldiz finalean, eta Maia da zortzi betsolarietan beteranoena: 35 urte daramatza txapelketan parte hartzen, eta hainbatetan kantatu du finalean.

Lizasok Tolosako finalaurrekoan lortu zuen finalerako txartela, eta hark adierazi zuenez, puntuazioak entzutean ez zekien "barre egin, negar egin edo saltoka hasi". Finalera sailkatu izanagatik, txapelketak uzteko asmoa oraindik buruan darabilkiela esan du azpeitiarrak: "Aurreko txapelketetan langa jo ote nuen zen kezka, eta orain bai jo dudala langa! Ez dut esango ez dudala gehiago parte hartuko, baina ez dakit finala aurrera jarraitzeko pizgarria izango den".

Ohiko formatua izango du finalak, eta bertsolari bakoitzak hamabost bertso puntuagarri abestu beharko ditu lehen zatian. Buruz burukora pasatuko dira lehen zatian puntuazio altuena eskuratzen duten bi bertsolariak, eta horiek beste hamarna bertso abestu beharko dituzte. Bi zatietako puntuak batuta gehien lortzen dituen bertsolariak jantziko du 2019ko txapela. Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela irabazleari.

Ion Zaldua eta Itziar Etxezarreta arduratuko ditu aurkezle lanak egiteaz, eta epaile taldea Amaia Otxotorenak, Eneritz Azkuek, Maite Sukiak, Mikel Belokik, Mikel Lersundik eta Zigor Leundak opsatuko dute. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna, Silvia Etxaniz eta Gorka Segurola ariko dira.

Finala 17:00etan hasiko da, eta ETB4 katean emango dute zuzenean. Sarrerak salgai daude oraindik ere, 24 eurotan, Bertsosarrerak.eus webgunean. Zapatuan 13:00etan itxiko dute sarrerak Internet bidez erosteko aukera, eta 15:00etan irekiko dute Ilunbeko leihatila. Donostiara joan eta handik Azpeitira itzultzeko autobusa antolatu du Erniarraitz bertsozale elkarteak, eta bidaia autobusez egin nahi duenak erniarraitz@gmail.com helbidera mezua idatzi beharko du. Bidaia hamar euro ordaindu beharko da.