ISB bihar hasiko da Zilarrezko LEB Ligaren Koparako sarrerak saltzen

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko abe. 10a, 15:00

Partida bakarrera jokatuko dute kopa, eta norgehiagokarako sarrerak bihar jarriko ditu saltzen ISBk, 18:00etatik 20:00etara, Azpeitiko kiroldegiko leihatilan. Juaristi ISBk eta Gironak abenduaren 28an jokatuko dute Espainiako Zilarrezko LEB Ligako Kopako partida, 19:00etan, Azpeitiko kiroldegian.

Kiroldegiaren irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligako Kopako partidarako sarrerak bihar jarriko ditu saltzen Iraurgik Azpeitiko kiroldegiko leihatilan. Bihartik aurrera, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute lehiatila sarrerak saltzeko. Abenduaren 22ra bitartean egongo da aukera sarrerak aurrez erosteko. 

Iraurgi saskibaloi elkarteko bazkideek hiruna sarrera eskuratzeko aukera izango dute, bakoitza bost euro ordainduta. Gainontzekoek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza, eta 5 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek bost eurotan eskuratu ahalko dute.

Juaristi ISBk eta Gironak jokatuko dute Kopako partida abenduaren 28an kiroldegian, 19:00etan hasita. Kopako partidaren bueltan, egun osorako egitaraua prestatzeko asmoa du ISBk. Goizean, saskibaloi jolasak jarriko dituzte Azpeitiko plazan, eta Iraurgiren teknifikazio eskoletan dabiltzan 300 haur ariko dira jolasean. Horientzako txokolate-jana ere antolatu nahi dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu