Aimar Irigoien: "Txapelketan oso ondo egin ditut aurrez etxean kalkulatutako lanak"

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko abe. 10a, 11:55

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako hamargarren txapela eskuratu du Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak. Mila kiloko aldea atera dio bigarren egin duen Jokin Eizmendiri.

Aimar Irigoien, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. (Nerea Uranga)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako hamargarren txapela jantzi zuen Aimar Irigoienek larunbat arratsaldean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen harri-jasotze lehian. 8.225 kilo altxatuta lortu zuen aurtengo txapela. Bigarren Jokin Eizmendi zarauztarrak egin zuen, 7.250 kilo jasota; Eizmendik harri handietako hiru txapel ditu eskuratuta.

Hamargarren txapela eskuratzeak "ilusioa" egin dio Irigoieni. Txapelketan egindako lanarekin ere gustura azaldu zen errezildarra lehia bukatutakoan: "Lan ona osatu dut, etxean kalkulatutako lanak oso ondo egin ditut. Sentsazio onarekin gelditu naiz, batik bat hiru harrirekin egindako lanarekin. Kubikoarekin, ordea, ez naiz nahi bezala jardun".

Inoizko harri-jasotzaile kopururik handienak parte hartu zuen larunbatean Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan: zazpik. Horietatik sei Urola Kosta eskualdekoak ziren, Aimar Irigoien errezildarraz eta Jokin Eizmendi zarauztarraz gainera, honako hauek lehiatu ziren: Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra, Aimar Galarraga oriotarra, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna. Horiez gain, Julen Diaz urizahartarra (Araba) ere aritu zen harri-jasotze txapelketan.

Lau harrirekin jardun zuten lehian harri-jasotzaileek, harri bakoitzarekin hiru minutuko lana eginez: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

200 kiloko laukizuzena zazpina aldiz jasotzea lortu zuten Irigoienek eta Eizmendik. Bigarren harriarekin, ordea, abantaila ederra atera zuen errezildarrak: hamabost aldiz jaso zuen 175 kiloko zilindrikoa, Eizmendik baino lau jasoaldi gehiago eginez. Zilindrikoarekin egindako lana bukatu orduko jendearen txalo zaparrada jaso zuen Irigoienek. Horrek animoak ematen dituela azaldu zuen txapeldunak: "Jendeak animatzen duenean beti ematen du aparteko poz bat".

Abenduaren 22an, Asteasun

Irigoienek hurrengo erronka abenduaren 22an du, Asteasun (Gipuzkoa). 200 kiloko laukizuzenarekin Gabonetako harri-jasotze txapelketa jokatuko du. "Saltsa polita" izango dela nabarmendu du: "12-13 harri-jasotzailek eman dugu izena bertan parte hartzeko, eta aurreko astean, gainera, Inaxio Perurena apuntatu zen txapelketara; horrela, izen handiak sartu dira lehiara. Pentsa, guk ondo berotuta heltzen diogu 200 kiloko harriari, eta Inaxio Perurenak berotzeko erabiltzen du 200 kilokoa. Uste dut bera denon gainetik egongo dela, baina hortzak estutu eta ahalik eta lanik onena egiten saiatuko gara". Hilaren 22ko harri-jasotze txapelketa "ikuskizun ederra" izango dela uste du harri-jasotzaile errezildarrak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2019-12-10 : 13:46

Hola, errez esaten da hamar baiño hamar txapel asko dira ta merito asko du Aimar Irigoienek. Seguru Asteasun ere lan ederraskoa egingo duela errezilko gizaseme honek. Azpeitiko deportista onenan premioak ere laiste dira ta ni pixkat nerbioso nago aber zeinek irabazten duen, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu